Indarkeria Matxista

Protesta egin dute Getxon sexu eraso bat gaitzesteko

Hilaren 1ean andre batek pairatutako erasoari arbuioa erakusteko asmoz, bi elkarretaratze egin dituzte

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
BILBO. Bi elkarretaratze egin zituzten atzo Getxon (Bizkaia), hilaren 1ean andre batek herrian pairatu zuen sexu erasoari arbuioa erakusteko. Udaletxe parean izan zen lehen protesta; udal agintariek eta herritarrek parte hartu zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, Getxoko alkate Amaia Agirre eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui. Arratsaldean, Areetan egin zuten beste mobilizazio bat; Getxoko Udalak eta Berdintasun Batzordeak deitutakoa izan zen bigarren protesta hori.

Sexu erasoa andre batek pairatu zuen, bere etxean bertan. Atxilotuta dago gizon bat eraso horren egilea izatea leporatuta; 29 urteko gazte bat da. Hilaren 5ean adierazpen instituzional bat onetsi zuen Getxoko Udaleko eledunen batzordeak; andreen «borondatea» aintzakotzat hartuko duen gizarte baten alde egin behar dela esan zuten, eta sexu harremanak «noiz, norekin eta nola» izango dituzten askatasunez erabaki behar dutela, inork behartu gabe.

Nafarroako Parlamentuko eledunen batzordeak deituta ere elkarretaratze bat egin zen atzo indarkeria matxista gaitzesteko. Espainiako Gobernuaren Indarkeria Matxistaren Ordezkaritza igandean gertatutako hiru hilketa matxista ikertzen ari zen atzo; orotara lau andrazko hil zituzten, eta datuaren larritasuna nabarmendu zuten atzo elkarretaratzean parte hartu zuten politikariek. Lanean jarraitu behar dela esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.