Hamabi kontzertu 79. Hamabostaldiari hasiera emateko

79. Musika Hamabostaldiko aurkezpen ekitaldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
MUSIKA. Ostegunean Donostiako 79. Musika Hamabostaldiari hasiera emateko hamabi kontzertuko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Eguerdian izango da ekitaldi nagusia, Kursaaleko auditoriumeko foyerrean. Juan Luis Goenaga artistak eta David Six piano jotzaileak Between the Stations ikuskizuna egingo dute. Sixek Debussyren eta Chopinen kantuak joko ditu, baita berak sortutako zenbait pieza ere. Goenagak, berriz, musika entzun bitartean sortuko du margolan bat. La Fura dels Baus antzerki konpainiakoek emango diote amaiera inaugurazio egunari, Kursaalean bertan; Haydnen Kreazioa interpretatuko dute. Horiek izango dira eguneko ekitaldi nagusiak, baina bestelako kontzertuak ere antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan. Eguerdian, hauek joko dute: Cuarteto Idomeneok, udaleko batzar aretoan;Txistu Triok, Konstituzio plazan; eta Quinteto Alaiak, Miramar jauregian. Arratsaldean, berriz, omenaldia egingo diote Pablo Sorozabal konpositoreari. Easo Araoz abesbatzak konpositorearen zarzuela eta kantu ezagunenak kantatuko ditu, udaletxeko batzar aretoan. Ondoren, Uniquart Dance Company arituko da, udaletxeko terrazan, eta, iluntzean, Schola Gregorianista Donosti Ereski izango da, San Bizente elizan. Bestalde, Hamabostaldi Solidarioa egitasmoaren bidez, Donostiako hainbat zahar etxetan ere antolatu dituzte kontzertuak. Irailaren 2an amaituko da jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.