PSE ez da «konpartsa» izango autogobernuaren eztabaidan

PPk dio ez duela EAJ babestuko jeltzaleek ez badute apurtzen EH Bildurekin estatus berriaz eginiko akordioa

PSEko kideak, atzo, Euskal Sozialismoaren Artxiboaren inaugurazioan. BERRIA.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
EIBAR. PSE-EEren Ramon Rubial fundazioak atzo inauguratu zuen Euskal Sozialismoaren Artxiboa, Eibarren (Gipuzkoa). Inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, eta azaldu zuen sozialistak ez direla izango EAJren eta EH Bilduren «konpartsa» autogobernuari buruzko eztabaidan. Erantsi zuenez, PSEk ez du babestuko «ezegonkortasunaren birusa» sartzen duen akordiorik, eta uste du «garaiz» daudela «eztabaida bideratzeko».

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegorako onartutako estatus berriaren oinarriez mintzatu da Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidea ere. Azaldu duenez, jeltzaleek ez dute aurreikusten EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa zabaltzea ez den «beste jokalekurik». Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, ordea, «porrota» litzateke estatutua ez berritzea «horretarako gehiengoa» dagoela aintzat hartuta.

Alfonso Alonso PPko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteak ere estatus politikoari buruzko eztabaida izan du hizpide. EAJri ohartarazi dio ez dezala PPren babesa espero EH Bildurekin eginiko «autodeterminazio akordioa» hausten ez badu. Onartutako oinarrietan «atzera» egiteko eskatu die jeltzaleei. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Edurne Garciak, berriz, EAJri galdegin dio «desegin» dezala estatutu berriarekin sortutako «oker maximalista». Horren ordez, «egiazko elkarrizketa» sustatzearen alde egin du, uste baitu posible dela ados jartzea «guztiontzako arau bat» eratze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.