Irribarria-Zabaleta aurretik dira estatistika eta apustuetan

Binakako Txapelketako finalak ikusmina piztu du, eta 160 sarrera besterik ez da geratzen saltzeko

Rezusta, Elezkano II.a, Irribarria eta Zabaleta, aukeraketa batean. L. J. / FOKU.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
PILOTA. Irribarria-Zabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak jokatuko dute Binakako Txapelketako finala, apirilaren 7an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Iazko finalarekin alderatuta, aldaketa bakarra dago: Irribarria ariko da Joseba Ezkurdiaren ordez. Beste hiru pilotariak finalean izan ziren. Ezkurdia-Zabaletak 22-9 irabazi zieten Elezkano II.a-Rezustari, Bilbon.

Rezustak du eskarmentu handiena lau finalisten artean, laugarrenez ariko baita, laugarrenez jarraian: duela hiru urte, Juan Martinez de Irujorekin jokatu zuen; duela bi, Irribarriarekin; eta azkeneko bi urteetan, Elezkano II.arekin. Irribarriarekin bakarrik irabazi zuen txapela. Antton Maizek bakarrik jokatu du horrenbeste aldiz jarraian binakako finala, sei aldiz, 1978tik 1984ra. Irribarria, Zabaleta eta Elezkano II.a, berriz, bigarrenez ariko dira. Bi bikoteek hirutan jokatu dute elkarren aurka txapelketan, eta bitan nagusitu dira Irribarria-Zabaleta —22-15 eta 22-12— eta behin Elezkano II.a-Rezusta, 22-19. Interneteko apustuetan ere aurretik dira, nabarmen: 100-60ri.

Finalak ikusmin handia piztu du, eta betekada izango da Bizkaia pilotalekuan. 160 sarrera eskas besterik ez da geratzen saltzeko.

Bestalde, Berria Pilota Txapelketako atarikoan, Barañainek 2-1 irabazi zion herenegun Tafallako Peña San Sebastiani, eta, beraz, bera ariko da final-hamaseirenetan, Gasteizko Txukun Lakuaren aurka, datorren igandean. Egun horretan beste kanporaketa bat jokatuko dute Lizarrako San Miguelek eta Astigarrako Mundarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.