Bi urteko zigor eskea Basusarriko auzapezarentzat

2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
BAIONA. Kargu publikoa bere intereserako erabiltzea, ondasun sozialez abusatzea, zerga iruzurra zuritzea, eta Bizi Publikoaren Gardentasunerako Goi Aginteari ondasunak ez aitortzea leporatu dio Baionako Auzitegiak Paul Marie Baudryri, Basusarriko (Lapurdi) auzapezari. Herenegun epaitu zuten, Baionan, eta fiskalak bi urteko kartzela zigorra —gibelapenarekin—, 100.000 euroko isuna eta 10 urtez hautagai izateko ezina eskatu zituen. France Bleu irratiaren arabera, Baudryk erran zuen «lazakeriaz» kudeatu dituela negozioak.

1995. urtetik egon da auzapez karguan; herriko bozen lehen itzulian berriz hautatua izan zen, bozen gehiengo osoa lorturik. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi izan da orain arte.

Baionako Auzitegiak 2013 eta 2018 bitartean egindako hainbat ustelkeria kasurengatik epaitu du. Esaterako, auzapezak PMB konpainia sortu zuen Vinci etxe eta lur salerospenerako konpainiarentzat, «aholkularitza lanetan» aritzeko. Bestalde, PMBko diru funtsa zor pertsonalak pagatzeko baliatu izana leporatu dio auzitegiak. Diru hori Espainiako Estatuko banku batera igortzen zuen.

Irailaren 8an emanen du auzitegiak auziaren emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.