Alessandro De Marchik irabazi du etapa Espainiako Vueltan

Pinotek hamabi segundo atera dizkie faboritoei, eta Aruk 41 segundo galdu ditu. Laugarren da Ion Izagirre

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Alessandro De Marchik (BMC) neurria hartua dio Espainiako Vueltari. Lau garaipen lortu ditu profesionaletan, eta horietatik hiru lasterketa horretan eskuratu ditu. Azkena, atzo, 11. etapan. Italiarrak etapa perfektua egin zuen. Lehenik, eguneko ihesaldian sartu zen; ondoren, aurrera egin zuen Jhonatan Restreporekin (Katuxa) azken kilometroetan; eta azkenik, kolonbiarra atzean utzi, eta bakarrik helmugaratu zen. Bi minutura iritsi zen faboritoen taldea.

Thibaut Pinot izan zen eguneko beste protagonista. Ihesaldian sartu zen, eta kilometro askoan lider izan zen behin-behinean, hiru minuturen aldea izan baitzuen faboritoen tropelarekin. Azken kilometroetan, ordea, hustu egin zen, eta helmugan, hamabi segundoren aldea besterik ez zuen lortu. Eguneko galtzailea, berriz, Fabio Aru (UAE) izan zen, faboritoengandik 41 segundora helmugaratu baitzen. Askoz galera txikiagoa izan zuen Emanuel Buchmanek (Bora), zortzi segundorena, baina nahikoa izan zen Ion Izagirrek (Bahrain) postu bat egin zezan gora sailkapen nagusian. Laugarren da ormaiztegiarra.

Etapako lehen euskal herritarra, hala ere, Mikel Bizkarra (Murias) izan zen. Eguneko ihesaldian sartu zen maƱariarra, eta 11. izan zen, irabazlearengandik 1.52ra. Beste behin oso adi aritu ziren Muriasekoak.

MondoƱedo eta Estaca de Baresko itsasargi artean jokatuko da gaur 12. etapa, 181 kilometrokoa. Bi mendate igoko dituzte, hirugarren mailakoak biak: bata, hasieran, eta bestea, 50 kilometro falta direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.