Sam Bennetek irabazi du etapa Paris-Nizan

2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Sam Bennetek (Bora) eten egin zuen atzo Dylan Groenewegenek (Jumbo) Paris-Nizan zeraman bolada bikaina. Irlandarrak irabazi zuen hirugarren etapa, esprintean, Caleb Ewanen (Mitchelton) eta Fabio Jakobsenen (Deceuninck) aurretik. Groenewegenek, berriz, bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, lider jarraitzen du. Hori bai, gerturatu egin zaio Michal Kwiatkowski (Sky), sei segundora. Luis Leon Sanchez (Astana) da hirugarren, 11 segundora. Gaur laugarren etapa jokatuko dute, 210,5 kilometrokoa. Bost mendate igoko dituzte: lehen mailako bat, bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako bat.

Italian, berriz, gaur hasiko da lehian, Tirreno-Adriatikoa jokatuko baitute gaurtik hilaren 19ra. Parte-hartze bikaina izango da, Geraint Thomas (Sky), Primoz Roglic (Jumbo), Tom Dumoulin (Sunweb), Vincenzo Nibali (Bahrain) eta Julian Alaphilippe (Deceuninck) ariko baitira, besteak beste. Hiru euskal txirrindularik hartuko dute parte: Jonathan Castroviejok (Sky), Markel Irizarrek (Trek) eta Omar Frailek (Astana). Guztiek 21,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute lasterketari ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.