Baskoniak ez dio aukerarik eman Bayerni: 93-60

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Kirolbet Baskoniak nagusitasun osoz irabazi zion atzo Bayern Munichi Buesa Arenan, Euroligan: 93-60. Hala, berdindu egin du estatistika: hiru neurketa irabazi ditu, eta beste hiru galdu. Garaipen argia lortuta, halaber, arindu egin du Villeurbannen (Frantzia) galdu izanak eragindako mina.

Baskoniak ez zion aukerarik eman Bayerni, lehen laurdenean jada erabakita utzi baitzuen partida: 29-10. Xengelia ikusgarri aritu zen tarte horretan, hamahiru puntu sartu baitzituen. Garaipena patrikan izanagatik, egurrean jarraitu zuten etxekoek, eta aldea handitu zuten: 57-31. Bisitarien susperraldia etorri zen gero (57-43), baina etxekoak garaiz esnatu ziren, eta berriro egurrean hasita alderik handiena lortu zuten: 93-58. Xengelia izan zen onena: 19 puntu.

Bestalde, ACB ligan, Retabet Bilbo Basketek Manresari egingo dio bisita gaur (18:00). Bizkaitarrek hasiera onari eutsi nahi diote, eta aukera ona dute gaur, Manresa azkena baita, garaipen bakarrarekin.

Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, sasoiko derbia jokatuko dute gaur IDK Gipuzkoak eta RPK Araskik Gaskan (18:00). Etxeko taldeak du premia gehien, sei jardunalditan garaipen bakarra lortu baitu. Hobeto ari da Araski: hiru garaipen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.