DONOSTIA. «Horrela jarraituz gero, Euskal Herrian ez dugu euskal haragirik izango». EHNE eta Enba nekazaritza sindikatuek deituta, abeltzainen protesta egin zuten atzo Donostian, Bretxako Azokaren parean, haragiarengatik ordaintzen dieten prezioa salatzeko.
30 urtez prezioak ia aldatu gabe egon dira, txahalak hazteko funtsezkoak diren zerealak %70 garestitu dira, eta Espainian haragi faltarekin prezio garestiak ordaintzen ari diren honetan, euskal abeltzainek diote «estatu osoko prezio txikienak jasotzera kondenatuta» daudela. «Hori guztia, Euskal Okela marka sendo bat izanda, teorian tokiko produktuen alde egiten duen banatzaileak izanda, eta kontsumitzaileak Espainian baino sentsibilizatuagoak eta erosteko ahalmen handiagokoak izanda».
Abeltzainek tokiko haragi kateko eragileei eskatu diete erosteko bertako haragia egungo kostuetara egokitutako prezioan, Espainian ordaintzen diren salneurrien parekoetan. Abeltzainen ustez, kanal kiloa gutxienez sei euroan erosi beharko litzateke, «guztiek, harakinek, banatzaileek eta Euskal Okelak euskal haragia izan nahi badute beren harategietan».
EHNEk eta Enbak jakinarazi dute txahalak kanpora bidaltzeko antolaketarekin hasiko direla. «Gure haragiari ez badiote duen balioa aitortu nahi, soldata galarazi nahi badigute, maiteago gaituzten beste merkatuetara eramango dugu».
Abeltzainak haserre daude haragiaren prezio merkearekin
EHNEk eta Enbak esan dute haiei gutxienez sei euro ordaindu ezean txahalak kanpora saltzen hasiko direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu