Baskoniak segida eman nahi dio Euroligako hasiera onari

Arabarrek Izar Gorriaren pabiloian jokatuko dute ligaxkako bigarren jardunaldiko norgehiagoka, gaur

Luca Vildoza, jaurtiketa bat egiten, Real Madrilean aurkako lehian. D. AGUILAR / EFE.
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Azken denboraldietan TD System Baskoniak ez dio hasiera ona eman Euroligari, eta horrek kontrakarrean aritzera behartu du Dusko Ivanovicen taldea. Oraingo honetan, lehen jardunaldian garaipen handia lortu zuen Real Madrilen kontra: 76-63. Bada, horri jarraipena eman nahi dio gaur, Izar Gorriaren pabiloian (19:00).

Ivanovicen taldeak denboraldiko lehen partida galdu zuen aurreko igandean, ACB ligan, UCAM Murtziaren aurka, eta porrot hori ahazteko modua ere izan daiteke gaur gariapena lortzea.

Belgradeko taldearen zaleak sutsuak dira, baina gaur neurri txikiagoan izango du etxeko taldeak haien bultzada. Izan ere, edukiera mugatuarekin jokatuko da norgehiagoka.

Izar Gorria ondo indartu da. Jordan Loyd eta Langston Hall fitxatu ditu, eta gainera aurreko sasoiko taldearen bizkarrezurrari eutsi dio. Taldean segitzen dute, besteak beste, Branko Lazicek eta Ognjen Kuzmicek, besteak beste. Euroligari ez zion ondo ekin Sasa Obradovicen taldeak, galdu egin baitzuen Fenerbhaceren kontra: 77-63.

Ivanovicek argi du: «Ezin zaigu Murtziaren aurkakoa gertatu. Gainontzean oso zaila izango da partidak irabaztea». Hemendik aurrera egutegia estutu egingo da. «Baina nekatuta egongo zarela uste baduzu, hobe ohean geratu». Izar Gorriaren kasuan, jokalari txikiek baloia mugitzeko duten gaitasuna nabarmendu zuen Baskoniako teknikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.