Koronabirusa

Lekeitiok bertan behera utzi ditu jaiak, pilaketak eragozteko

Lesakako Udalak «kezka» agertu du, jendea pilatu delako herrian San Fermin egunaren bezperan

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
LEKEITIO. Aurten ere ez da San Antolin jairik izango Lekeition (Bizkaia), ezta Antzara Egunik ere. Udalak atzo iragarri zuen aurtengo ospakizunak bertan behera utzi dituela, osasun egoera dela eta. Ohar batean, udalak «ezinezkotzat» jo zuen ekitaldiei eustea eta, aldi berean, jende pilaketak eragoztea. Hortaz, iragarri zuten «egun normalak» izango direla, jairik gabe «eta ez-jairik gabe». Bide beretik jo zuen Plentziako Udalak (Bizkaia): festak beharrean, udararako kultur programazioa osatu dutela aurreratu zuten.

Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Lesakan ere bertan behera utziak dituzte festak. Halere, sanferminen inguruan jende pilaketak izan dira, sare sozialen bitartez zabaldu diren irudiek erakusten dutenez. Hori dela eta, udalak «kezka handia» adierazi du, eta «arduraz» jokatzeko deia berretsi. Udalaren arabera, Donezteben «positibo asko» agertu dira; horietatik batzuk San Fermin egunaren bezperan Lesakan egon zirela susmatzen dute udal agintariek.

Hiriburuetako jaien datak hurbiltzen diren heinean, neurriak hartzen hasiak dira. Iaz bezalaxe, Gasteizko Udalak iragarri du abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plaza itxiko duela, Zeledonen jaitsiera izaten den egunean jendea ez dadin pilatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.