Tapiak dio Zubietako errauste plantak baimen guztiak dituela

Otsailaren 1ean eman zioten abian jartzeko akta. EH Bilduk esan du «irregulartasun zantzuak» daudela.

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordean atzo adierazi zuenez, Zubietako erraustegian (Gipuzkoa), «zaila» izanda ere, «arauak betez» eman dira «baimen guztiak» eta egin dira tramite administratiboak. Jakinarazi zuen joan den otsailaren 1ean eman ziotela abian jartzeko akta; hau da, martxan jartzeko behar zuen azken baimena. Plantak, hortaz, ia bi hilabete egin zituen martxan baimen guztiak tramitatuta eduki gabe, pasa den abenduaren 11n inauguratu baitzuten.

Tapiaren arabera, ingurumen baimen integratua (IBI) iazko ekainean eman zion Ingurumen Sailak Zubietako erraustegiari, eta, «egin diren ikuskaritzak aintzat hartuta», Ekondakin enpresak kudeatutako plantak behar bezala betetzen ditu IBIak ezarritako baldintzak, ingurumenari dagokionez.

EH Bilduren ustez, «irregulartasun zantzu handiak» daude Zubietako erraustegiaren jardueran. «Leku, une eta esparru desberdinetan», azaldu zuen Mikel Otero legebiltzarkideak. Miren Gorrotxategiren iritziz (Elkarrekin Podemos-IU), «hainbat arazo» azaleratu dira plantari baimenak ematerakoan eta jarduera kontrolatzerakoan. «Suteak, transformadorearen leherketa, isuriak...», zerrendatu zituen. «Gardentasuna falta eta ilunkeria» ere egotzi zizkion Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.