Gaur hasiko da Aiarako Umore Antzerkiaren Jaialdia

Tartean Teatroak Simplicissimus obra emango du Aiaran. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
ARTE ESZENIKOAK. Beste urte batez, antzerkiak eta umoreak bat egingo dute Araban. Gaur hasiko da Araiako Umore Antzerkiaren XXVII. Jaialdia, eta, hilaren 30era bitarte, 27 emanaldi izango dira hamabost udalerritan. Araian zazpi egingo dituzte, hilaren 14tik 16ra. Horien artean, Tartean Teatroaren Simplicissimus, Vaiven Produkzioak-en Erlauntza eta El Mono Habitado konpainiaren ¡Ave, osos! izango dira ikusgai kiroldegian. Osasun krisiaren harira, segurtasun neurriak hartuta egingo dituzte saioak, Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak, Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak eta Javier Alkorta jaialdiko zuzendariak azaldu dutenez. Horri lotuta, kaleko piezak ikastolako jolastokian egingo dituzte aurten, eta, ikusle kopurua kontrolatzeko, gonbidapenak banatuko dituzte. Gabe (Oihulari Klown), Turistreando (Trapu Zaharra), Baldin Bada (Shakti Olaizola) eta Aukerak (The Funes Troup) obrak ikusi ahal izango dira gune horretan. Egitarauko gainerako saioek Araba osoa zeharkatuko dute. Hala, gaur Manzanosen hasi eta abuztuaren amaierara arte, Amurrio, Okina, Oteo, Zuhatzu Kuartango, Bastida, Sobron, Maeztu, Ribabellosa, Gesaltza Añana, Izarra, Espejo, Zaitegi eta Laudio herrietan izango dira emanaldiak. Aurrez aipatutako kaleko konpainiak ez ezik, Ganso&Cia, Goitibera, Gag Street Boys, Bapateanzirko, Hutsun+Ortzi eta Zaguango Teatro ariko dira horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.