Aritz Aduriz: «Partiden artean politenetakoa da derbia»

Robin Le Normandek azpimarratu du bi taldeak «oso momentu» onean iritsiko direla ostiraleko neurketara

Iñaki Williams eta Aritz Aduriz, hizketan, atzo, Lezaman. MIGUEL TOÑA / EFE.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute ostiral iluntzean, San Mamesen, eta biak ala biak garai onean iritsiko dira, lehen bi jardunaldiak jokatuta ez baitute galdu: lau puntu dituzte biek.

Bi taldeetako jokalariak irrikan dira neurketa iristeko. Adibidez, Aritz Aduriz. «Donostiarra naiz, eta argi dago partida polita eta ezberdina dela. Asko gustatzen zaizkit derbiak: giroa, zaleen arteko lehia sanoa. Partiden artean politenetakoa da», esan zuen atzo. Athleticeko aurrelariak azkeneko aldiz jokatuko du Realaren aurka San Mamesen, eta aitortu zuen horrek «are bereziago» egiten duela lehia.

Argi du helburua: «irabazi egin nahi dugu». Baina argi du norgehiagoka «oso lehiatua» izango dela. «Oso itxura polita du Realak. Baliabide asko ditu. Asko gustatzen zait egin duen taldea».

Adurizek aulkian hasi ditu lehen bi partidak; aurrenekoan, Bartzelonaren aurka, erabakigarria izan zen, garaipenaren gola sartu baitzuen irten berritan. Baina berak hasieratik jokatu nahi du. «Beti jokatu nahi izan dut ahal dudan gehiena, eta hori ez da aldatu. Ni ondo nago. Baina entrenatzaileak du azken hitza. Gu laguntzeko gaude».

Realean, berriz, Robin Le Normandek hitz egin zuen atzo, eta erdiko atzelari bretainiarrak azpimarratu zuen bi taldeak «oso garai onean» ailegatuko direla derbira. «Ikusiko dugu ostiralean zein dabilen indartsuena». Ez daki San Mamesen jokatuko duen, baina ez dago kezkatuta. «Batzuetan, batzuek jokatuko dugu; beste batzuetan, beste batzuek. Ondo aritu behar dugu, eta talde gisa pentsatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.