Estatuaren biktimen lekukotza legebiltzarrera eraman dute

Gasteizen erregistratu dute Foro Sozialak osatutako txostena. Nafarroako Parlamentuan utziko dute gaur.

Agus Hernan, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Martxoaren 16an,Foro Sozialak topaketa bat egin zuen erakunde ofizialen indarkeriak eragindako biktimekin. Hemezortzi lagunen lekukotzak entzun zituzten bertan, eta txosten bat osatu dute. Atzo, Eusko Legebiltzarrean erregistratu zuten, eta gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan egingo dute beste horrenbeste.

Foro Sozialak «aurrerapausotzat» jo du 1978. eta 1999. urteen artean Espainiako segurtasun indarren biktima izan zirenak aitortzea helburu duen legea, baina gogorarazi dute horrek ez dituela aintzat hartzen estatuaren indarkeria salatu duten 364 biktimak. Izan ere, Espainiako Estatuaren estamentu ofizialen indarkeriaren eraginez hildako 364 herritarretatik 82k baino ez dute jaso aitortza ofizialen bat; alegia, %22,5ek.

Hori dela-eta osatu dute aipatu txostena. Nekane Altzelai eta Agus Hernan bozeramaileek adierazi dutenez, «politika publikoetatik bazter utzita» bitan bilakatu dituzte biktima, eta instituzioen aitortza eskatu dute haientzat ere. «Egiaren aitortza publikoak soilik ahalbidetuko die erreparazioa».

Foro Sozialak gogorarazi du indarkeria mota guztien biktimek dutela eskubidea egiarako, justiziarako eta erreparaziorako: «Giza eskubideen urraketen kasuan, denei bermatu behar dizkiete aitortza eta eskubide berak». Onartu dute, hala ere, estatuaren biktimek ez dutela justizia eskatzen, egia baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.