Olaizola II.ak eta Rezustak bigarren puntua eskuratu dute

Binakako Txapelketako bigarren jardunaldian, Peña II.a eta Albisu baino hobeak izan dira Eibarren (22-19).

Olaizola II.a sakea ateratzen, atzoko partidan, Eibarren. GORKA RUBIO/ EFE.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
PILOTA. Olaizola II.ak eta Rezustak segida eman zioten atzo lehen jardunaldiko garaipenari, eta bigarrena lortu zuten. Peña II.a eta Albisu 22-19 menderatu zituzten Eibarren. Puntu bakarrarekin geratu dira atzoko galtzaileak. Bi zati izan zituen partidak: aurrenekoan, garaileak aurretik izan ziren, eta alde politekin, gainera. Handiena seikoa izan zuten: 10-4, 14-8 eta 17-11. Rezusta ondo ari zen, ezker eskua onenean ez badu ere, eta Olaizola tantoak bukatzen trebe zebilen. Urdinek pixka bat gerturatzea lortu zuten hiru tantora, baina ematen zuen partidak gorrien kolorea zuela.

Hala ere, 17-11koaren ondotik buelta etorri zen: zazpi tanto elkarren segidan eginez, 17-18 aurreratu ziren Peña eta Albisu. 18-19 ere egon ziren, baina hor bukatu zitzaien aldeko haizea. Azkeneko tantoak gorrientzat izan ziren. Estatistiketan, Olaizolak hamar egin zituen denera, hiru galtzeko; Peñak hamabi, baina zazpi galdu; Rezustak hiru entregatu zituen, eta Albisuk bost (bat egin zuen ataundarrak).

Bigarren jardunaldiko bigarren partida etzi jokatuko dute Ezkurdia-Ladis Galartzak eta Altuna III.a-Mariezkurrenak, Bergaran, 17:30ean hasiko den jaialdian. Igandean, Bilbon, Urrutikoetxeak eta Imazek Artola eta Aranguren izango dituzte parean, 17:00etan hasiko den partidaren atzetik. Azkenik, laugarren partida astelehenean izango da ,Zallan, 22:30ean, eta aurrez aurre ariko dira bu bikote hauek: Jaka-Martija eta Elezkano II.a-Zabaleta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.