Osasunak Espainiako Kopako final-laurdenak begiz joak ditu

Nafarroako taldeak Almerian jokatuko du gaur. Bolada txarra eten izana akuilu izatea nahi dute gorritxoek.

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Osasunak Espainiako Kopako final-zortzirenetako partida jokatuko du gaur, Almerian (Espainia), etxeko taldearen aurka (21:00, Dazn). Nafarroako taldeak final-laurdenak ditu begiz joak. Duela 11 jokatu zuen halako batean azken aldiz.

Gorritxoek konfiantzaz helduko diote erronkari, joan den igandean Sadarren Granadari 3-1 irabazi eta ligan zeramaten bolada txarra etenda —hamahiru jardunaldi irabazi gabe—. «Ondo etorri zaigu», esan zuen atzo Jagoba Arrasatek. Hala ere, Almeriaren arriskuaz ohartarazi zuen: «Gai da guri irabazteko». Gainera, gorritxoei jokalari garrantzitsu bat faltako zaie, Budimir min hartuta baitago. Atzo jakin zen, gainera, Raul Navasek taldea utzi duela.

Bestalde, Espainiako Lehen Mailan, Realak Betis hartuko du gaur, Zubietan (20:30, Gol). Natalia Arroyok entrenatutako taldeak irabazi egin nahi du, goiko postuetan jarraitzeko. Athletic bihar zen jokatzekoa Bartzelonaren kontra, baina lehia bertan behera geratu da, zuri-gorrien taldean COVID-19 kasu bat izan delako. Eibarrek, berriz, Jimena Lopez 21 urteko ezker hegaleko atzelari mexikarra fitxatu du, urte eta erdirako.

Horrez gain, Athleticek otsailaren 21ean egingo du bazkide konpromisarioen ezohiko batzarra. Aurrekoan, bazkideek atzera bota zituzten kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.