Agirrek ezustekoa eman du, Bengoetxea VI.a kanporatuta

Leitzarrak bikain hasi du partida, eta 6-13 jarri da aurretik, baina iruindarrak buelta eman dio, eta 22-17 nagusitu da

Asier Agirre, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
PILOTA. Asier Agirrek eman du buruz buruko txapelketako lehen ezustekoa. Aurrelari iruindarrak Oinatz Bengoetxea kanporatu zuen atzo Amurrion (Araba), final-zortzirenetan:22-17. Garaipenari esker, final-laurdenak jokatuko ditu. Danel Elezkano izango du aurkari datorren astean.

Partidaren lehen zatia nola joan zen ikusita, inor gutxik esperoko zuen Bengoetxea VI.ak galduko zuenik. Indartsu ekin zion leitzarrak neurketari, sakearekin min eginez eta piloteoan nagusi izanez. Eraginkortasun handiz aritu zen, eta, horri esker, zazpi tantoren aldea lortu zuen: 6-13.

Partidak hautsita zirudien, Bengoetxea VI.aren mesederako. Baina gutxien espero zenean suspertu zen Agirre. Arriskatu egin zuen, eta ausardia horri eraginkortasuna gehitu zion. Bata bestearen atzetik hasi zen tantoak lortzen, eta aldea murrizten. Haren susperraldia eten nahian, Bengoetxea VI.a ere arriskatzen hasi zen, baina oso bestelako emaitza lortu zuen: hutsak kateatuz hasi zen. Konturatu orduko, Agirrek 12-0ko partziala sartua zion, eta atzetik zen markagailuan: 18-13.

Azken ahalegina egin zuen leitzarrak, eta bi tantora gerturatu zen: 19-17. Baina jarraian, partidako tantorik onenean gailendu zen Agirre, eta jota utzi zuen Bengoetxea VI.a. Aise egin zituen hurrengo bi tantoak, eta garaipena ziurtatu.

«Oso pozik» zegoen Agirre partida amaieran, neurketa aldapan gora jarri ondoren gai izan zelako gora egiteko. Bengoetxea VI.a, berriz, «konforme» azaldu zen egindako lanarekin, eta nabarmendu zuen galdu arren «gozatu» egin zuela kantxan.

Gaur jokatuko dituzte final-zortzirenetako azken bi partidak. Eibarren (Gipuzkoa) izango dira biak, 17:00etan hasita (ETB1): lehenbizi, Erik Jaka eta Joanes Bakaikoa ariko dira; eta jarraian, Jokin Altuna eta Jon Ander Peña. Aurreneko neurketak ez du faborito argirik. Jaka oso ondo aritu da azken urteetan buruz buru, baina osasun arazoak izan ditu azkenaldian. Garaiz osatu da, baina ikusteko dago zein maila eman dezakeen. Bakaikoa, gainera, aurkari arriskutsua da, eta oso ondo moldatzen da buruz buru. Bigarren partidan, berriz, Altuna III.a da faboritoa Peña II.aren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.