Mondragon Unibertsitateko ikasle ohien %90 lanean dira

Langabezia tasa %3koa da, eta bertan ikasitakoen %88ren lana euren prestakuntzarekin lotuta dago.

2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Azken urteetako laneratze daturik onenak eman ditu Mondragon Unibertsitateak. Lanbideren zifren arabera, 2015eko promozioko ikasleen artean %3koa baino ez da langabezia tasa; hau da, gradu ikasketak urte hartan amaitu zituztenen okupazio tasa %97koa da: %90 lanean ari dira, eta %7k ikasten jarraitu dute. Estudiante ohien %88k, gainera, euren prestakuntzarekin lotutako enplegu bat daukate. Pozarren agertu zen atzo Bixente Atxa errektorea datuen berri emateko agerraldian: «Azken urteetako emaitzarik onenak dira: enplegu tasa oso altua erakusten dute».

Zazpiehun ikasleren datuak hartu dituzte kontuan. Emakumeei buruzkoak nabarmendu ditu Atxak; ikasleen %52 dira, eta gizonek baino enplegagarritasun handiagoa dute: %92,5 ari dira lanean, eta soilik %1,2 daude langabezian. Bestetik, titulazio batzuetako ikasle guzti-guztiak lanean daudela ere azpimarratu du errektoreak: enplegu tasarik altuenak dituzte Haur Hezkuntzako graduak eta Eskola Politeknikoko sei ingeniaritzek, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialetako sailburu Beatriz Artolazabalek ere txalotu ditu datuok: «Duela bost urte, langabezia %22,7koa zen; orain, %3,4koa da». Mondragon Unibertsitatearen ezaugarriekin lotu ditu emaitzak: «Merkatuaren beharretara egokitzeko duen gaitasuna erakusten dute datuek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.