Arrizabalaga-Etxaniz eta Espinar-Arrieta faboritoak

Emakume Master Cupeko lehen eta promozio mailetako finalerdiak jokatuko dira bihar goizean Oñatin (11:30)

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
PILOTA. Bihar jakingo da Emakume Master Cupeko lehen eta promozio mailako finalean ariko diren bikoteak, Oñatin (11:30). Lehen Mailako aurreneko finalerdian, Miren Larrartek eta Maider Mendizabalek Olatz Arrizabalagaren eta Leire Etxanizen aurka jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Amaia Ariztegik eta Maddi Mendizabalek Patri Espinar eta Eneritz Arrieta izango dituzte aurkari.

Lehen finalerdian, Arrizabalaga eta Etxaniz dira faborito. Iaz txapeldun izan ziren, eta aurten ere maila bikainean ari dira. Lehen ligaxkan 18-8 eta 18-9 irabazi zituzten partidak, eta final-laurdenetan 18-10 irabazi zuten Olatz eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka. Larrarteri eta Mendizabali dagokienez, 18-8 irabazi zuten iragan igandean final-laurdenetan. Aurrelari gaztea eta atzelari eskarmentuduna dira. Larrartek eskua pixka bat minduta bukatu zuen, eta ikusi beharko sendatu zaion.

Beste finalerdiari dagokionez, Araitzegi-Mendizabalek eta Espinar-Arrieta elkarren aurka aritu ziren iragan igandean, eta azken horiek 18-14 irabazi zuten. Irabazleek emaitzak erakusten duena baino alde handiagoa izan zuten. Hori horrela izanda, haiek jo behar faboritotzat.

Aurretik, promozio mailako finalerdiak jokatuko dira. Lehenbizi, Alaitz Badiolak-Oihana Badiolak eta Maddi Unanue-Naroa Agirrek neurtuko dituzte indarrak; eta, gero, Amaia Vicario-Ainhoa Urienek eta Nagore Aremendi-Oihana Unanuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.