Miguel Angel Lopez da lehen liderra Espainiako Vueltan

Astanak irabazi du taldekako erlojupekoa. Jumbokoek erorikoa izan dute, eta Roglicek 40 segundo galdu ditu

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Espainiako Vuelta irabazteko faboritoetako batek jantzi du lehen maillot gorria, Miguel Angel Lopezek. Kolonbiarrak ederki baliatu zuen Astana taldeak atzo Torrevellan (Herrialde Katalanak) jokatutako taldekako erlojupekoan egin zuen lan bikaina, lehen egunean jada podiumeko koska gorenera igotzeko. Astanaren errendimendu onean zerikusia izan zuten Ion eta Gorka Izagirrek, eta laugarren eta seigarren dira, hurrenez hurren, sailkapen nagusian. Omar Frailek, aldiz, 24 segundo galdu zituen.

Deceuninck-Quick Stepek gertu izan zuen garaipena, baina azkenean bi segundo eskasera geratu zen. Sunweb, berriz, hirugarren izan zen, bost segundora. Euskal taldeei dagokienez, Movistar izan zen onena, zazpigarren postuan, hamasei segundora. Caja Rural hamaseigarren izan zen, 37ra, eta Euskadi-Murias 20. sailkatu zen, 46ra. Eguneko kolpea, baina, Jumbok jaso zuen. Taldeko lau ziklista erori egin ziren, eta 40 segundo galdu zituzten. Beraz, Primoz Roglicek dezenteko atzerapenarekin ekin dio Vueltari.

Gaur bigarren etapa jokatuko dute, Benidorm eta Calpe artekoa (Herrialde Katalanak), 166,4 kilometrokoa. Gorabeheratsua da, hiru mendate igoko baitituzte: Bigarren Mailako bat eta Hirugarren Mailako beste bat. 25 kilometro daude azkenetik helmugara. Egun aproposa da esprinterrentzat eta etapa ehiztarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.