Miarritzek derbi ederra irabazi du Jean Daugerren (24-30)

Garaipen honekin xuri-gorriak igotzeko kanporaketa postuetan daude; Baiona, berriz, zulotik urrundu ezinda

Baionaren aldeko uztartze bat. Atzean, harmaila nagusia beteta. I. M.
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
ERRUGBIA. 2011az geroztik derbirik irabazi gabea zen Miarritze, eta atzo kitatu zituen urte horietan bere zaleekin pilaturiko zorrak. 24-30 irabazi zuen Baionaren aurka, Jean Dauger goraino bete zuten 17.000 zaleen aurrean. Garaipenari esker, Miarritze seigarren dago, eta igotzeko kanporaketa postuetara igo da. Baiona, berriz, 12. dago oraindik ere, jaisteko postuetatik aldendu ezinda.

Derbiak bi zati ezberdin izan zituen. Aurrenekoa taktikoa eta lotua izan zen, eta Baiona aurretik iritsi zen atsedenaldira (12-10). Bigarrena, berriz, eroa izan zen. Miarritzek erasora jo zuen, eta aldea ireki zuen Lucuk eta Hamdaouik hiru minuturen tartearekin lorturiko bi entseguei esker (12-24, 55. min). Baionak, baina, bizkor erantzun zuen Tisseron (56. min.) eta Robinsonen (61. min) beste entsegu banarekin (24-27).

Azken hogei minutuak oso urduriak izan ziren. Miarritzek 75. minutuan arnasa pixka bat hartu zuen Bernardek 40 metrotik haga artean sarturiko zigor golen bitartez (24-30). Ostikatzaileak 15 puntu lortu zituen. Baionak, halere, ez zuen amore eman, eta irabazteko azken aukera zuen. Partidako hondar erasoan, uztartzea izan zuen entsegu marratik hiru metrora.

Bestalde, gaur Getxok Ohorezko Mailako bigarren jardunaldiko partida jokatuko du Mahalalondaren etxean (12:30). Iragan astean irabazi egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.