Eibarko futbolarien bideo sexualaren auzibidea, aurrera

Amaitu du epaitegiak instrukzioa; bideoa baimenik gabe grabatzea eta hedatzea leporatzen diete hiru jokalariri

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
EIBAR. 2016ko udazkenean, barra-barra zabaldu zen bideo sexual bat sare sozialen bidez; bertan, Eibar kirol elkarteko gizonen taldeko bi jokalari agertzen ziren, emakume batekin sexu harremanak izaten. Lehen Mailako jokalariak biak, ezagunak. Andreak salaketa ipini zuen; esan zuen haren baimenik gabe grabatu zirela irudiak, eta, ondorioz, haren oniritzirik gabe zabaldu ziren. Ordutik, Eibarko Auzitegian abian da kasua aztertzeko auzibide bat; atzo jakin zen amaitu dutela instrukzioa.

Sergi Enrich, Antonio Luna eta Eddy Silvestre dira auzipetutako jokalariak; lehen biei bideoa grabatzea eta zabaltzea egozten diete; azkenari, berriz, hedatzea. Delitu horiengatik, bost urte arteko kartzela zigorra eska daiteke jokalarientzat. Instrukzioa amaituta, fiskaltzak eta salaketak akusazioa zehaztuko dute orain idatzi batean, eta hor jakingo da zer eskari egiten dituzten. Aintzat hartu behar da intimitatean hartutako irudiak zabaltzea —bertan agertzen direnen baimenarekin grabatuta badaude ere— delituen zerrendan sartuta dagoela Espainiako Zigor Kodean, 2015. urtean erreforma egin zutenetik. Gaur egun, Enrichek bakarrik jarraitzen du Eibarren; beste bi jokalariek utzita dute taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.