Realak bideratuta utzi nahi du sailkapena, Alkmaarren irabaziz

Bi taldeek sei puntu dituzte. Imanolek esan du ondo aritu ezean arerioak zailtasunak sortuko dizkiela

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzeko bidean urrats garrantzitsua egin dezake gaur Realak AZ Alkmaarren zelaian irabazita.F multzoko ligaxkako laugarren jardunaldia da, eta hurrengo fasera igarotzeko lehian urre gorri luke aurkari zuzen hori mendean hartzea. Izan ere, bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, Napolirekin batera; seina puntu zakuratu dituzte, eta multzoen faseko partida erdiak jokatuta, panorama argitzen joango da neurketak jokatu ahala. Datozen hiru asteetan erabakiko da zein bi taldek egingo duten aurrera.

Partida sorta horren atarian, une gozoan da Reala. Erreskadan irabazi ditu azken neurketak, eta irabazi egin zuen AZ Alkmaaren aurkako joanekoa ere: 1-0. Dena den, konfiantzari aterik ez dio zabaldu nahi Imanol Alguacilek: « Arerio oldarkorra eta sendoa espero dut. Oso partida ezberdina izango da [joanekoarekin alderatuta]. Kalitate handia dute, eta oso ondo jokatzen dute. Etxeko neurketan oso ondo egin genuen, baina zailtasunak sortuko dizkigute gure mailarik onena ematen ez badugu».

Imanolek aldaketak egin beharko ditu. Ia une oro zelaian izan den David Silvak min hartu zuen joan zen igandean, eta ez da Herbehereetara joan. Haren ordez ariko dena hautatzeaz gain, litekeena da ohiko zenbait jokalari postuz aldatzea. Halaber, Europa ligan aritu diren beste futbolari batzuk itzul daitezke Realaren hamaikakora. Miguel Angel Moya atezaina izan daiteke bat horietako bat.

Bestalde, Roberto Torresek 2023ra arte berritu du kontratua Osasunarekin. Hamar milioi euroko etete klausula izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.