Bazkideen defentsa «indartu» egingo duela dio Alavesek

Segurtasun indarren «jazarpena» salatu du Iraultza 1921 taldeak, eta horregatik eten du bere jarduna

Iraultza 1921 taldeko kideen animazio pankarta bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Alaveseko zuzendaritzak «kezkaz» ikusi du Iraultza 1921 taldeak bere jarduna behin-behinean eten izana. «Pena handiz hartu dugu erabakia, zaleen taldeak eta bazkideak baitira klubak dituen eragile edo aberastasun baliotsuena». Zaleen talde horrek esparru guztietan egindako lana aitortua izan dela gogorarazi du. «Kiroletik eta futboletik harago doan sentimendu baten isla da». Horrela izanda, bazkideen eta zaleen defentsa «indartzeko» konpromisoa berretsi du.

Iraultza 1921 taldearen egoera «ahalik eta azkarren» bideratzea espero dute. «Hala, bere jarduerari berriz ekiteko. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara haien jarduna eta egun indarrean dagoen araudia bateragarri egiteko».

Iraultzak 1921ek ostiralean hartu zuen bere jarduna «behin-behinean» eteteko erabakia, eta herenegun azaldu zituen horren arrazoiak. Taldeak salatu zuen segurtasun indarren «jazarpena» jasaten ari dela:«Ertzaintzak klubari agindu dio gure taldeari bonboak, megafonia, material gela eta edozein laguntza ukatzeko, harmaila edo zelaia ixteko mehatxupean».Egoera «jasanezina» bihurtu dela dio, eta salatu du azken hilabeteetan hainbat taldekide atxilotu dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.