Harri bat bidean

Reala Leipzig talde indartsuaren aurka ariko da Europa ligan. Joaneko partida Alemanian jokatuko da; itzulikoa, berriz, Euskal Herrian

Dani Olmo Leipzigeko erdilari katalana, Manchester Cityren aurka. A. YATES / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Realak harri bat izango du Europa ligako bidean: Leipzig Alemaniako talde indartsuaren aurka ariko da final-zortzirenen aurreko kanporaketan. Otsailaren 15ean jokatuko da joanekoa, Alemanian, eta, itzulikoa, berriz, 22an, Anoetan.

Leipzig Txapeldunen Ligatik kanpo geratu berri da. Oso multzo zaila izan du, Manchester City, Paris Saint-Germain eta Brujas izan baititu aurkari. Espero bezala, ingelesak (hamabi puntu) eta frantziarrak sailkatu dira (11), eta haien atzetik izan dira alemaniarrak, zazpi puntu lortuta. Bi partida irabazi dituzte —0-5 Brujasi eta 2-1 Manchester Cityri—; bat berdindu —bina PSGrekin, etxean—, eta hiru galdu: 6-3 Cityren aurka, 1-2 Brujasen kontra, eta 3-2PSGren aurka. Ezin izan du hirugarrenez jarraian ligaxka gainditu. Duela bi sasoi, goia jo zuen, finalerdiak jokatuta —Paris Saint-Germainek kanporatu zuen: 0-3; azkenekoan, berriz, final-zortzirenetan aritu, eta Liverpoolek kanporatu zuen: 0-2 eta 2-0.

Europan ez ezik, Alemanian ere pattal dabil. Duela bi sasoi, hirugarren izan zen, eta, azkenekoan, bigarren. Denboraldi honetan, ordea, zazpigarren da hamabost jardunaldi jokatuta. 23 puntu ditu: sei partida irabazi ditu, bost berdindu, eta hiru galdu. Horren ondorioz, klubak Jesse Marsch entrenatzailea kargutik kendu zuen duela astebete. Domenico Tedescok ordezkatu du, eta aldaketak on egin dio taldeari: 2-1 irabazi dio Cityri, Txapeldunen Ligan, eta 4-1 Borussia Moenchengladbachi, ligan.

Tedescok oso jokalari onak ditu: atean, Peter Gulacsi hungariarra; defentsan, Angeliño galiziarra; zelai erdian, Christopher Nkunku frantziarra, Dani Olmo katalana eta Ilaix Moriba ginearra, eta, aurrean, Emil Forsberg suediarra, Yussuf Poulsen daniarra eta Andre Silva portugaldarra. Talde horrek utzita ari da Realean Alexander Sorloth aurrelari norvegiarra. «Oso talde indartsua da. Erronka handia izango da. Asko exijituko digu. Gure helburua bi partidak irabaztea izango da. Ea nola gauden otsailean», esan zuen atzo Roberto Olabe Realeko futbol arduradunak. Olabek espero du Sorlothek jokatu ahal izatea.

Hauek dira beste kanporaketak: Atalanta-Olympiakos; Bartzelona-Napoli; Borussia Dortmund-Glasgow Rangers, Porto-Lazio; Sevilla-Dinamo Zagreb; Sheriff-Braga, eta Zenit-Betis. Txapeldunen Ligan, berriz, hauek izango dira final-zortzirenetako lehiak: Atletico Madril-Manchester United; Benfica-Ajax; Chelsea-Lille; Salzburgo-Bayern Munich; Inter- Milan Liverpool; Paris Saint-Germain-Real Madril, eta Sporting Lisboa-Manchester City. Bitan egin zuten zozketa, lehenengoan arazo teknikoak izan baitziren.

Aihen, 2024ra arte

Bestalde, Aihen Muñoz Realeko ezker hegaleko atzelariak 2024ra arte berritu du, eta Kike Barja Osasunako erdilariak, 2026ra arte.

Alavesek, berriz, gaur jokatuko du Espainiako Kopako bigarren kanporaketa, Linares Deportivoren zelaian (21:00, Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.