Sanferminak 

Garbia eta azkarra izan da entzierroa

Orain arte izan diren lau entzierroetatik azkarrena izan da Fuente Ymbro ganadutegiko zezenena. Inor adarkatu ez duten arren, bi lagun artatu behar izan dituzte kolpeengatik

Garbia eta azkarra izan da entzierroa.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Sanferminetako entzierroan hamahirugarrenez parte hartu zuten atzo San Jose del VallekoFuente Ymbro ganadutegiko zezenek (Cadiz, Espainia). Urte horietan guztietan irabazitako animalia azkarren famari eutsi zioten arratsaldean egin zen zezenketan hil zituzten sei zezenek. Izan ere, orain arte egin diren entzierroen artean azkarrena izan zen. Orotara, bi minutu eta hemezortzi segundo besterik ez zituzten behar izan Santo Domingoko ukuiluetatik zezen plazarako ukuiluetara iristeko. Arriskua izan zen arren, bi lagun soilik eraman zituzten erietxera, kolpeengatik.

Asteburuan izaten diren entzierroen aldean, jende gutxi zegoen atzo ibilbidean. Goizeko zortzietan puntuan irten ziren Fuente Ymbroko sei zezenak joaldunekin batera ukuilutik. Hasieran, taldearen gibel aldean kokatu ziren. Hala, korrikalariek zailtasunak izan zituzten zezen aurrean jartzeko, joaldunek enbarazu egiten zietelako. Tokia bazegoen arren, erorialdi asko izan ziren; Santo Domingoko aldapan, batez ere. Izan ere, maldak ahalegin fisiko handiagoa eskatzen die entzierroan parte hartzen dutenei. Horri zezenen abiadura bizkorra gehituz gero, korrikalari askok orekari eusteko arazo dezente izaten dituzte, eta elkarren gainera erortzen dira.

Taldea bat eginda iritsi zen Udaletxe plazara. Joaldunek lepotik zintzilik dituzten joareek zarata dezente egiten duten arren, korrikalari bat baino gehiago ezustean harrapatu zuten. Korrikalari bat, esaterako, erori, eta justu zezenak pasatzen ari zirenean jarri zen zutik. Zortea izan zuen. Izan ere, segundo bat geroago zutitu izan balitz, zezenetako batek bete-betean harrapatuko baitzuen.

Mercaderes kalean gora, zuzen-zuzen joan ziren Fuente Ymbro zezenak. Zintzo jokatu zuten, gainera. Izkinetan geldi, korrika egiteko inolako asmorik ez zuen jende andana zegoen, baina ez zuten eraso egiteko inolako imintziorik egin. Hala ere, zezenen abiadura nahikoa izan zen entzierroek berezko duten arriskua areagotzeko. Esaterako, Mercaderesko bihurgunea gainditu eta berehala, Estafeta kalearen ezker aldean zegoen lasterkari bat bete-betean harrapatu zuen zezenetako batek. Jantzita zeraman jaka beltza adarrarekin hautsi zion. Hasieran, adarrarekin ziztatu zutela iduri zuen, baina kolpea besterik ez zion eman.

Entzierroaren ibilbidearen azken metroetan, zezenek eta joaldunek osatutako taldea apurka luzatzen hasi zen, eta, horri esker, korrikaldi politak ikusteko aukera izan zen. Gainera, korrika egiteko ere aurreko egunetan baino toki gehiago zegoen. Sarritan esan ohi da entzierroan parte hartzen dutenen artean laguntasun harremana izaten dela. Baina, atzo, laguntasunarekin zerikusi gutxi zuten jarrera asko izan ziren.

Estafeta kalearen erdialdetik aurrera, taldearen buruan bi zezen jarri ziren. Hala, haien aurrean jartzeko, korrikalariak elkarri bultzaka eta elastikoetatik tiraka aritu ziren. Horrez gain, duela hiru urte entzierroan parte hatzen dutenek izan beharreko jokaera arautzen duen ordenantza urratu zuten askok, zezenei eta joaldunei helduta egin zutelako korrika.

Telefonica paretik zezen plazarako bidea hesiaren eskuinaldetik egin zuten. Alboetako tentaldiei inolako jaramonik egin gabe jarraitu zuten animaliek. Plazara bat eginda iritsi ziren joaldunak eta zezenak. Hondarretara iritsi zirenean, zezenetako batek ezker aldean marra zuri eta berdeak zituen elastikoa zeraman korrikalari bat ezustean harrapatu zuen. Atzera begiratu gabe ari zen korrika, eta ez zen jabetu zezena gibelean zuela. Gerrikotik heldu eta lurrera bota zuen. Hala ere, ez zuen adarkatu.

Orain arte izan diren lau entzierroetan, DYA eta Gurutze Gorriko boluntarioek 48 lagun artatu dituzte. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, entzierroko hiru korrikalarik Nafarroako Ospitale Gunean jarraitzen dute. Hirurak gizonezkoak dira, eta zezenak adarkatuta daude ospitalean. Zauri larriak izan arren, arriskutik kanpo daude hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.