Sanferminak 

Tokia bilatu dute zezenen aurrean

Hiru lagun adarkatu dituzte Cebada Gagoko zezenek sanferminetako lehen entzierroan. Une arriskutsuak izan dira, baina lasterketa politak ikusteko aukera ere izan da

Tokia bilatu dute zezenen aurrean.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Arriskutsu fama dute Medina Sidoniako (Cadiz, Espainia) Cebada Gago ganadutegiko zezenek. Tentsio handiko unez betetako entzierroa izan zen sanferminetako lehena. Hiru minutu baino gutxiago behar izan zituzten zezen plazako ukuilura ailegatzeko. Hasieran, taldearen buruan joaldunak jarri ziren, baina berehala kokatu ziren lehen postuetan zezenak. Orotara, lau lagun eraman behar izan zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, horietako hiru zezenek adarkatuta.

Duela bost urte hautatu zituzten, atzo, Iruñeko sanferminetako lehen entzierroan atera ziren sei zezenak. Bereziki kolore deigarria zuten bik; bat mertxika kolorekoa zen, eta bestea ubel kolorekoa. Santo Domingoko aldapako lehen metroetan, joaldunek hartu zuten taldearen erritmoa ezartzeko ardura. Baina, korrikalarien abiapuntua ezartzen duen marrara iritsi orduko, abiadura azkartu eta mertxika koloreko zezena jarri zen talde buru moduan. Lehen arrisku uneak orduan sortu ziren, kalearen alde banatako espaloietan jende andana zegoelako pilatuta.

Taldea apurka luzatzen hasi, eta zezen batek ezkerretik eskuinera kalea zeharkatu eta korrikalari bat ezustean harrapatuz, adarrekin airera bota zuen. Irudia ikusgarria izan arren, ez zuen ziztatu. Zuzen jarraitu zuten Udaletxeko plazara bidean. Malda txikitzen zihoan heinean, abiadura ere azkartzen hasi ziren zezenak, eta eskuinaldean zegoen korrikalari bat adarkatu zuen.

Joaldunek lagunduta, zezenek Mercaderes aldera jarraitu zuten. Duela hiru egun entzierroko ibilbidean botatako produktuari esker, Estafeta kalerako bidean dagoen bihurgunean ez zuten irrist egin. Toki ezaguna izan arren,korrikalari bat baino gehiago ustekabean harrapatu zuten, arrisku momentuak eraginez.

Hala ere, irudirik ederrak Estafetan ikusi ahal izan ziren. Korrika jende andana ari zen, baina korrikaldi luzeak egiteko adina toki topatu zuten askok. Gainera, zezenen aurrean jartzeko aukera bat baino gehiago izan zuten. Izan ere, entzierroko kalerik luzeenaren hasieran zezenak bat eginda iritsi ziren arren, batek irrist egin zuen, eta bakarrik gelditu zen. Ondoren, beste zezen batek eskuineko adarrarekin hainbat metrotan arrastaka eraman zuen korrikalari bat. Hala, atzetik zetorren beste batekin bat egin, eta elkarrekin burutu zuten ibilbidea.

Aurretik zituzten beste lau zezen. Abiadura apur bat makaldu arren, joaldunak taldearen atzeko aldean kokatu ziren. Horri esker, korrikalariek korrikaldi ederrak egin ahal izan zituzten. Sarritan gertatu ohi den bezala, askok orekari eutsi ezinik elkarri heltzen zioten. Zezenek jarrera zintzoa izan zuten, oro har. Kalearen alboetako lagunei ez zieten gehiegi erreparatzen. Baina, Estafeta erdia igaro baino lehenago, kalearen eskuinaldetik zihoan korrikalari bat adarkatu zuen zezenetako batek. Metro batzuetan arrastaka eraman zuen, eta tentsio handiko unea izan zen. Aurrerago, beste zezenetako batek, korrika zihoan beste gizonezko bat adarkatu zuen.

Bi minutu eta hogei segundo igarotzerako, sei zezenetatik lau zezen plazako ukuiluetara sartu ziren, joaldunekin batera. Estafeta kale hasieran bakarrik gelditutako beste bi zezenek denbora gehixeago behar izan zuten. Izan ere, taldetik bakartuta zeudenez, sarritan kalearen alboetako lagunetan jartzen zuten arreta. Ondorioz, behin baino gehiagotan atzera egin zuten. Hala ere, esperientzia handien zuten korrikalariek eskuaren edota egunkariaren laguntzarekin berriz ere aurrera egitea lortu zuten. Hala, kronometroak 2 minutu eta 58 segundo markatzen zuenerako, zezen guztiak ukuiluan zeuden.

Adarkatutako hiru lagunez gain, 39 urteko irlandar bat ere erietxera eraman behar izan zuten, zezenak kolpatuta. Nafarroako osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, lau lagunak arriskutik kanpo daude.

Gaur, Jose Escolar ganadutegiko zezenenen txanda izango da. Iaz lau lagun adarkatu zituzten ganadutegi horretako zezenek. Gainera, larunbata denez, entzierroan atzo baino jende gehiagok parte hartzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.