Aitor Manterola Garate.
Harmailetatik begira

Errege magoak Italiatik datoz

2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Imitazioa. Urte zaharra joan zen, eta berria etorri, baina zaharrak ez du berririk ekarri gure taldeen emaitzetara. Azkeneko jardunaldiko berdin-berdinak izan baitira: hiru garaipen, berdinketa bat eta porrot bat, eta oraingoan ere, orduan bezala, derbi bat tarteko dela. Tradizio zaleak izan ere euskaldunak. Italian ere bada oraindik hainbeste arrakasta eman zien catenaccio-aren arrastorik. Lehengoa imitatu, ona izan bada. Horra leloa eta sinesmena. Han eta hemen. Italia aipatuta, italiar kutsuko jokoak izan dira gureen laurak asteburuan. Handik barrena etorri zaizkie taldeei Errege magoak. Catenaccio eta guzti.

Jagobaren gorbata. Italiar petoa ematen du azkenaldian Berriatuakoak. Dotore jantzia partidetan, trajedun eta gorbatadun. Udazkenean, beste arropa batzuk eraman zituen soinean. Orain ematen du partida bakoitza ezkontza dela harentzat. Kasualitatea edo ez, gorbata janzteak ezkondu egin du emaitza onekin; hortxe-hortxe ibiliko da bi kontu horien arteko lotura. Italiar sentituko zen, akaso, igandean Anoetan, bigarren zatian. Realeko jokalari guztiak une askotan bere zelaian sartuta ikusi zituen, emaitza ona gorde nahian, catenaccio antzeko baten moduan. Ondo egin zuen lan hori Realak, eta erakutsi zuen aste osoan Jagobak entrenatzaileen berezko trajea jantzia izaten duela Zubietan: txandala.

Empoli, Livorno, Lecce... Horra Italiako talde batzuk, Serie Atik gora eta behera ibili ohi direnak. Langileak izaten dira, adoretsuak, defentsako lanari hertsiki lotuak gehienean. Baina erasoak kondenatu ei ditu galeretara. Anoetan azaldu zen Athleticek talde horietako baten traza izan zuen Realaren arearen inguruan. Ezin aukerarik sortu golak sartzeko. Erabateko ezintasuna. Harrigarria. Gau osoa jokatzen aritu balitz ere, ez zukeen gauza onik egingo. Urdinez jokatzea bakarrik falta izan zitzaion Italiako talde horien traza bera edukitzeko.

1-0. Norbere atean golik jaso ez, eta bestearenean bat sartzea nahikoa izaten da partidak irabazteko. Defentsako lan sendoaren defendatzaile sutsuen esaldi gogokoenetakoa izaten da hori. Auskalo zeinek bota zuen aurrenekoz, baina, agian, italieraz entzungo zen. Ez harritu. Kontuak kontu, Italian hainbeste maite duten emaitza hori nafarren euskaran kantatu zuten Euskalerria irratian igande iluntzean. Hangoa hemengo bihurtuta menderatu zuen Osasunak Espanyol: aurkariaren huts handia baliatuz; gol bat sartuz eta alde horri eutsiz; eta bere atean alerik ez jasoz.

Geldikako bi jokalditan. Alavesek irabaztea Empoli, Livorno eta Leccek irabaztearen parekoa izan da, gutxi-asko. Gutxi irabaztea askotan gertatzen ari baitzaio taldeari sasoi honetan. Gehiegitan, gauza onerako. Irabazteko era bera ere italiar kutsukoa izan zuen: geldikako bi jokalditan. Jarosikek gola sartu zuela entzun, eta Eibarren aurka bezala bere atean izan ote zen kezkatzen hastea bat izan zen. Baina, ez, oraingoan, sartu behar den lekuan sartu zuen. Bigarrena Viguerak sartu zuen, penaltiz. Ez dadila izan Empoli eta enparauen garaipen bakan horietako bat bezalakoa.

Anxo Carroren haserrea. Lugo. Galizia. Anxo Carro izena zuenak eraikiarazi zuen hiriko taldearentzat futbol zelaia 1974an. Hiriko kirolari bultzada handia eman zion gizon hark. Diruarekin, esan nahiko da. Haren izena darama Lugoren zelaiak. Dagoen lekuan egonda ere, gozoa egongo da gizona. Larunbatekoa bezalako emaitzak izateko ez baitzuen dirua jarriko. Golik ez. Betaurrekoaren emaitza. Golak izanik futboleko gatza eta piperra, ondo gatzik eta piperrik gabea atera zen Lugoren eta Eibarren artekoa. Ulertzen? Hai capito?.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.