Neurria hartu ezinda

Alaves oker aritu da denboraldi osoan, eta ezinak maila galtzea eragin dio. Gasteiztarrek larri igaro dituzte azken bi urteak, eta, azkenerako, jausi egin dira. Proiektua birpentsatu beharrean dira.

Luis Rioja, burumakur, maila galdu berritan, herenegun, Valentzian. M. B. / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Nahi eta ezin. Denbora kontua izan da Alavesek maila galtzea. Jardunaldiak igaro ahala, nola hala eutsi dio, baina partidabaten faltan jaitsi da Espainiako Bigarren Mailara. Gasteiztarrek lanak izan dituzte sasoi osoan; urrian eta azaroan lortu zuten txapelketari neurria hartzea, jokoan izandako hamabost puntuetatik 11 eskuratuta. Hortik aurrera, kito: loraldi hori igaro orduko, berriz trakets aritu da.

Alaves ezegonkortasunean murgilduta dago aspalditik. Hamar entrenatzaile izan ditu gorengo mailan aritu den azken aldian. Sei urte horietan izandako jarraitutasun faltak kondenatu du.

Tartean ere izan du loriarako aukerarik; Espainiako Kopako finala jokatu zuen 2017an. Ordea, makal antzean aritu da sasoi gehienetan, garaipen baino porrot gehiago zakuratuta. Argigarria izan zen herenegungo partida: Alavesek irabazi, eta aldeko emaitzen zain egon behar zuen. Bada, halakorik gabe, amore eman zuen ordurako maila galduta zegoen Levanteren aurka: 3-1.

Valentzia Hirira estadiora bildu ziren zaleek beren haserrea adierazi zieten jokalariei: Ā«Elastiko hori ez duzue mereziĀ», egin zieten oihu. Klubak, berriz, hutsak onartu ditu, baita barkamena eskatu ere.

Entrenatzaile dantza

Alavesek entrenatzaile asko izan ditu azkenaldian, neurria hartu ezinda aritu den seinale. Sasoi honetan ere, hiruk egin dute Mendizorrotzako aulkiko erreleboa. Javi Callejak hasi zuen denboraldia, baina etekinik atera ez, eta zuzendaritzak Jose Luis Mendilibarren aldeko apustu egin zuen.

Zaldibarkoak (Bizkaia) ere lanak izan zituen. Hamabi partida egin zituen teknikari gisa, eta sei puntu soilik eskuratu zituen. Azken aukera gisa, Julio Velazquez aritu da entrenatzaile lanetan, baina hark ere ez du asmatu. Taldea jaitsierarako bidean zegoen ordurako.

Julio Velazquezen bidea ez da oparoagoa izan. Entrenatzaile espainiarrak zortzi jardunaldiren faltan hartu zuen gidaritza, baina erremedioa jarri ezinik geratu da. Alavesek Cadizen aurka amaituko du Lehen Mailako ibilia. Sei urte egin ditu jarraian; inoiz baino gehiago.

Alavesek ez bezala, Realak bete du helburua. Txuri-urdinek Europa ligan jokatuko dute hirugarren urtez jarraian.

Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak badu bosgarren postua lortzeko aukerarik, Betisek bi puntu ateratzen dizkiolako. Halere, ordutegi bateratuaz kanpo jokatuko dira neurketa horiek. Betis ostiralean ariko da, Real Madrilen zelaian (21:00). Etxekoek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute larunbatean zortzi.

Realaren neurketa, berriz, larunbatean gaueko 22:00etara pasatu dute. Donostiarrek Atletico Madril jasoko dute Anoetan. Kontrarioak jada lotua du datorren denboraldian Txapeldunen Ligan aritzeko eskubidea.

Athletic ere Europako sailka daiteke. Zuri-gorriek puntu bakarrera dute Vila-real. Beraz, ezin dute galdu Sevillan (Espainia), Julen Lopetegik zuzendutako taldearen aurka (21:00). Vila-realek ere neurketa zaila du, Bartzelonari egingo baitio bisita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.