Datorrenari begira

Athletic zuzentzeko hirugarren hautagaia da Jon Uriarte. Januzajek eta Monrealek ez dute segituko Realean. Luis Garcia, Velazquezen ordez

2018ko hauteskundeetako hautetsontzi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hiru dira oraingoz Athleticeko presidente izateko hautagaiak. Jon Uriarte batu zaie Ricardo Barkalari eta Iñaki Aretxabaletari, herenegun jakinarazi baitzuen aurkeztu egingo dela. 43 urte dauzka, Bilbokoa da, eta enpresaria da. Izan Athletic izeneko hautagaitzaren buru izango da ekainaren 24ko hauteskundeetan. «Kluba modernizatu nahi dugu, etorkizunari aurre egiteko Athleticen historian, filosofian eta ehun urte baino gehiagoko balioetan oinarrituz».

Denbora luzez aritu omen da egitasmoa gauzatzen, eta orain arte hautagaitza ez iragarri izanaren arrazoiaren berri eman du: «Interesgunea zelaiko lehia izatea nahi genuen, nahiz eta jakitun egon hori dela-eta denbora gutxiago izango genuela abalak jasotzeko eta kanpaina egiteko».

Uriartek Ticketbis enpresa sortu zuen, Ander Mitxelena lagunarekin batera. Plataforma bat da, sarrerak berriz saltzeko. Bost urteren buruan sekulako arrakasta lortu zuten: 80 milioi euro baino gehiago fakturatu zuten, eta 450 langile baino gehiago izan zituzten Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako hamalau herrialdetan. Ebay-k 165 milioi euro jarri zituen enpresaren jabe egiteko. Hamarkada bat geroago, All Iron Group konpainiaren buru da, eta inbertsioak egiten dituzte enpresa-sortzaileak finantzatzeko.

Azkenean hiru hautagai aurkeztuko dira, bakarrik 2007an gertatu zena gertatuko da. Orduan ere hiruren arteko lehia izan zen: Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javi Gonzalez.

Hautagaitza aurkeztu eta berehala eman zuen Uriartek iritzia klubeko estatutuen berrikuntzaren inguruan. «Eskerrak» eman zizkien proposamena osatu duten pertsonei, eta testua «bikaina» dela gaineratu zuen. Ordu gutxira izan zen batzarra, eta bazkide konpromisarioek onartu egin zituzten estatutu berriak —%69, 28k bozkatu zuten alde—. Besteak beste, sufragio unibertsala izango du klubak, osoko biltzarraren bitartez. Organo hori izaten aurreneko kirol kluba da.

Lemazain berria Alavesen

Alavesen, berriz, kirol albisteak dira nagusi: Luis Garcia Plazak ordezkatuko du Julio Velazquez entrenatzaile karguan. Arabako taldeak Lehen Mailara igo nahi du, eta Luis Garcia iaioa da horretan, bitan igo baita, Levanterekin eta Mallorcarekin, azken talde horrekin, iaz. Sasoi honetan, Mallorca zuzendu du, baina klubak martxoan kendu zuen kargutik, taldea lortzen ari zen emaitza kaskarrengatik. Velazquezek bezala, ez dute jarraituko Gonzalo Escalantek, Manu Garciak, Manu Vallejok eta Facundo Pellistrik. Utzita aritu dira guztiak.

Realean ere bada berrikuntzarik: Adnan Januzajek eta Nacho Monrealek ez dute jarraituko. Nafarra 2019tik egon da Realean, eta 69 partida jokatu ditu, eta lau gol sartu. Sasoi honetan ez du jokatu, belauneko ebakuntza izan eta gero ez delako osatu.

Deigarriagoa izan da Belgikako jokalariaren inguruko albistea. Kontratua berritu behar zuela, eta ez zuela, kontu ugari ibili da hilabeteotan haren inguruan. Baina, azkenean, ez du jarraituko. 2017an ekarri zuen Realak, eta 167 partidatan 23 gol sartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.