Mendia

Transvulcania, euskal neskentzat

Maite Maiora bigarren eta Uxue Fraile hirugarren izan dira ultran; Agirrezabalak maratoia irabazi du

2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hiru euskal korrikalari igo ziren iragan larunbatean Transvulcania entzutetsuaren podiumera: Maite Maiora mendaroarrak bigarren egin zuen ultratrailean (73 km), eta, haren atzetik, Uxue Fraile donostiarra hirugarren sailkatu zen. Maratoian, berriz, Leire Agirrezabala ibartarra izan zen nagusi.

Munduko mendiko korrikalari onenak Las Palmasen bildu ziren (Kanaria uharteak) iragan asteburuan, han jokatu baitzen Transvulcania ultratrail handia. Ostegunean hasi zen festa uhartean. Kilometro Bertikalen Munduko Kopako lehen proba jokatu zen han (6,6 kilometro eta 1.100 metroko malda metatua). Elisa Desco eta Bernard Dematteis izan ziren azkarrenak, baina euskal ordezkariak ere onenen artean ibili ziren. Leire Agirrezabalak, esaterako, 7. postuan amaitu zuen.

Ostiraleko atsedenaren ostean, larunbatean iritsi zen lasterketa nagusia: Transvulcania ultratraila (73 km, 4.000 m+). 3.000tik gora partaide izan ziren, tartean munduko korrikalari onenak. Oilarren arteko lehia estua izan zen hasieratik, eta, aurreikuspenak betez, Kilian Jornet katalana eta Luis Alberto Hernando burgostarra berehala jarri ziren lasterketa buruan.

Hainbat ezaugarrik egiten dute gogor Transvulcania: distantziak eta desnibelak ez eze, baita bero sargoriak eta laba eta hareazko ibilbide gordinak ere. Faborito nagusiak, Kilian Jornetek, gorriak pasatu zituen beroaren ondorioz. «Oso lasterketa gogorra izan da. Igoeretan oso ongi ibili naiz, baina jaitsieran sufritu egin dut beroaren ondorioz, eta azkenean Luisek ihes egin dit», azaldu du katalanak.

Horrenbestez, 2013ko txapeldunordeak, Luis Alberto Hernandok irabazi du aurten lasterketa handia. 2013ko arantza atera, eta lehen postuan iritsi zen helmugara, katalanari zazpi minuturen aldea aterata, gainera. Emakumezkoetan, Emelie Forsberg zen faborito nagusia. Norvegiarra hasieratik jarri zen lasterketa buruan, baina erori egin zen, eta bertan behera utzi behar izan zuen proba.

Haren taldekide Anna Frost zeelandaberritarrak lehen postuaren lekukoa hartu, eta hura izan zen garaile. Bigarren eta hirugarren, berriz, bi euskal emakume: Maite Maiora mendaroarra eta Uxue Fraile donostiarra. Maiora lehenengoz aritu da ultratrail distantzian, eta, lasterketa gogorra izanagatik, emaitzarekin oso pozik azaldu da. «Lasterketa oso azkar hasi zen, eta zaila zen zein postutan nindoan jakitea. Pixkanaka aurrera egin eta hirugarren neska harrapatu nuen; baita Forsberg ere, erori ostean», azaldu du.

Frosten aldeko tartea bi minutura murriztea ere lortu zuen Maiorak, baina jaitsiera batean erori egin zen, eta horrek erritmoa moteltzera behartu zuen. «Jaitsiera batean erori egin nintzen, eta erritmoa moteldu behar izan nuen. Azkenean, jakinik hirugarren emakumezkoa hogei minutura neukala, ez arriskatzea erabaki nuen. Frostengandik 10 minutura helmugaratu nintzen, baina oso pozik bigarren postuarekin», azaldu du mendaroarrak. Haren atzetik, Uxue Fraile hirugarren sartu zen helmugan, 28 minutura.

Maratoian (42 km), bestalde, Leire Agirrezabalak erakustaldia eman zuen. Ibartarra bakar-bakarrik helmugaratu zen, bigarren emakumeari 30 minuturen tartea aterata, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.