Mendia

Bederatzi lagunen mendi ibilbideak sarituko ditu EMFk

Jonatan Larrañaga, Elena Calvillo eta Ander Lasagabaster dira Euskal Mendi Federazioaren saria jasoko duten batzuk

Jonatan Larrañagak alpinismoko jarduera onenaren saria jasoko du. BERRIA.
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Mendi Federazioak (EMF) XVIII. festa ospatuko du gaur, Iruñean. Federazioak 2013ko mendizale eta mendi jarduera aipagarrienak sarituko ditu ekitaldi horretan. Bederatzi, guztira: hiru emakumezko eta sei gizonezko.

Joseba Ugalde federazioaren presidenteak azaldu duenez, sariok oso garrantzitsuak dira, «euskal mendizaletasunarentzat garrantzitsuak» diren kirolariak eta jarduerak saritzen direlako. Kirolaria, haren emaitzak eta jarduera horretan eginiko ibilbidea hartu ditu kontuan federazioak.

Alpinismoaren sailean, bi sari banatuko dira: Jonatan Larrañaga mendiko gidariak (Algorta, 1980) jasoko du jarduera alpino onenaren saria, eta Monica Serentillek (Lleida, 1960) ibilbide alpinistiko onenarena. Larrañagak ezin konta ahala espedizio eta igoera egin ditu, eta azken urteetan izotz eskaladan aritu da, batez ere. «Azken urteetan egindako bidetik segitzeko ilusioa eta, batez ere, abangoardiako alpinismoa sustatzeko laguntza handia da sari hau», azaldu du. Besteak beste, 2012-2013ko neguan Fitz Royn (Patagonia) izan zen algortarra.

Serentillek, bestalde, 33 urte daramatza eskaladan, eta 25 urte beteko dira aurten Murciana bidea zabaldu zuela Urriellun (Naranjo, Europako Mendiak, Espainia). «Mundu osoko gailurretan aurkitu ditudan emakumeei eskaini nahi diet sari hau, lagun, ezagun nahiz ezezagunei. Gustatzen zaielako eta sentitzen dutelako isilean eskalatzen duten emakume horiei guztiei», azaldu du, hunkituta.

Eskaladan, Ander Lasagabasterrek (Arrasate, 1980) jasoko du kirol eskalada jarduera onenaren saria. Besteak beste, 2012an 9a zailtasuneko Il domani bidea kateatu zuen Baltzolan (Bizkaia). «Urte asko daramatzat eskaladan, eta niretzat oso garrantzitsua eta pozgarria da horrenbeste urteren ostean sari bat jasotzea. Denbora asko ematen diot eskaladari, eta sakrifizio handia da lanarekin uztartzea», azaldu du. Proiektu asko ditu buruan, baina, «orain arte bezala, eskaladaz gozatzen jarraitzea» da haren helburua. Beste bi emakume ere sarituko dituzte gaurko ekitaldian: Elena Calvillo (Beasain, 1970), mendiko lasterketen atalean, eta Luisa Alonso, lankidetza jarduera interesgarrienarengatik.

Jon Espillak jasoko du iraupen luzeko mendi martxen saria, eta Jesus Aiestarenek historialarena. Hil osteko bi sari ere emango dira gaur: Andoni Areizagari (Donostia, 1964-2013), mendiko eskian eginiko lanarengatik, eta Emilio Hernandori, euskal mendizaletasunaren lagun gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.