Mendia

Tontor gehiago biltzen ditu mendien katalogo berriak

Euskal Mendizale Federazioak 917 gailur jaso ditu katalogoan, eta gehienen kokapena eta garaiera eguneratu du

Katalogo berriaren arabera, 18 metro gehiago ditu Hiru Erregeen Mahaiak. GORKA LOPEZ.
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak Euskal Herriko Mendien Katalogoa argitaratu berri dute elkarlanean. Azken urteetan, hiru zerrenda argitaratu dira euskarri digitalean, baina 15 urte igaro dira papereko azken katalogoa atera zenetik: 1999ko lan hartan 904 tontor jaso ziren; oraingoan, berriz, 917.

Horietatik, 596 Euskal Herrian bertan daude; beste 56 Euskal Herri inguruko lurrei dagozkie, eta 265 iberiar penintsulakoak dira. Gailur berriak jasotzeaz gain, beste berrikuntza batzuk ere baditu lanak: mendi gehienen garaiera, kokapena, toponimia eta idazkera eguneratu baitira.

Azken teknologiak erabiliz tontor gehienen garaiera eguneratuta ageri da katalogo berrian: Gorbeia mendia, esaterako, orain arte baino metro bat garaiago da, 1.482 m. Hala ere, Hiru Erregeen Mahaiak du alde handiena: Euskal Herriko tontor garaienak 18 metro gehiago ditu, 2.446 m guztira, azken neurketen arabera.

Mendien kokapena eguneratzeak ere aldaketak eragin ditu probintzia bateko eta besteko zerrendetan: Ganekogorta eta Bikirrio gailurrak, esaterako, lehen Arabakoak ziren, eta orain, Bizkaikoak. Guztira, 125 tontor ageri dira Arabako zerrendan. Bizkaian, berriz, 128 mendi daude katalogoaren arabera eta Gipuzkoan 112. Intxorta mendia, esaterako, Bizkaitik kendu, eta Gipuzkoako zerrendan baino ez da ageri orain. Ataun-Burunda inguruan dagoen Txaradigorri mendia, berriz, kendu egin dute Gipuzkoako zerrendatik ,eta Nafarroakoan baino ez da jaso. Nafarroan bertan Tabar, Taxoare eta Aritz (Kornieta) mendiak desagertu egin dira zerrendatik, baina, hala ere, lurralde horretan biltzen da tontor gehien Euskal Herrian; 214 guztira.

Iparraldean ere badaude aldaketak: Ibantelli-Labeaga gaina Nafarroako zerrendatik kendu eta Lapurdiko zerrendan ageri da soilik. Lakhura ere Zuberoako zerrendan ageri da orain soilik. Bestalde, Piskerra gailurra kendu egin dute katalogotik, debekatu egin dutelako hara igotzea. Azkenik, Zuberoan, hiru gailur gehitu dira: Ahargo, Maidalena eta San Antoni. Pyrenaica aldizkariko Patxi Galek eta Mendikat webguneko Javi Urrutiak egin dute katalogo berria. 112 orrialdeko argitalpenak hainbat argazki eta bi mapa ere baditu tartean. 15 euroan dago salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.