Eusko Legebiltzarrean sistema fiskalaren erreforma "sakon" bat eztabaidatzearen alde agertu da gaur gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko lehendakarigaia, eta neurri zehatz bat proposatu du: urtean 115.000 eurotik gorako soldata dutenei zergak %60ra igotzea hiru urtez. PSEk Bilboko Euskalduna jauregian eginiko ekitaldi batean aurkeztu du Lopezek neurri hori. Eredu fiskala aldatuta "justizia" bilatzen duela adierazi du: "Nik itun fiskal bat egin nahi dut datorren legealdian, eraikitzea hainbeste kostatu zaigun eredu soziala hurrengo belaunaldiari bermatzeko".
Lopezen esanetan, 120.000 jasotzen dituztenek "esfortzu berezi bat egin dezakete eta egin behar dute krisi honetan", eta oroitarazi du funtzionarioek, pentsiodunek, langabetuek eta beste hainbat taldek ere egin dituztela dagoeneko esfortzuak.
Urkullu, kontzertu ekonomikoaren alde
Iñigo Urkullu EAJko hautagaiak, berriz, kontzertu ekonomikoari lege babes gehiago eman behar zaiola nabarmendu du, eta kontzertuaren eskumenak zabaltzearen alde agertu da. Balmasedan (Bizkaia) eginiko ekitaldi batean, Urkulluk esan du krisi ekonomikotik ateratzeko gakoak "kontzertu ekonomikoa, industria politika, lankidetza eta gobernu ona" izango direla.