Kronologia

17 hilabete zigorpean

2004ko abuztuaren 2a
19:56
Entzun
2003:

Otsailak 20:

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen, tartean, Iñaki Uria.

Otsailak 24:

Beste atxilotuek bezala, Iñaki Uriak inkomunikatuta deklaratu zuen Juan del Olmo epailearen aurrean.

Otsailak 25:

Juan del Olmoren ebazpenaren aginduz, Iñaki Uria espetxeratu zuten.

Otsailak 26:

Angel Acebes orduko Espainiako Barne ministroak tortura salaketak faltsuak eta “deliktiboak” zirela esan zuen.

Martxoak 10:

Espainiako Barne Ministerioak kereila kriminala jarri zion Iñaki Uriari (Otamendiri, Alegriari eta Oleagari bezala). Torturak salatzeagatik ETA laguntzea leporatu zion.

Martxoak 26:

Oleagak, Alegriak eta Uriak Guardia Zibilaren esku torturak eta tratu txarrak jasan izana salatu zuten Donostiako Guardia Epaitegian.

Martxoak 27:

Xabier Alegriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik eta Iñaki Uriak Guillermo Ruiz de Polanco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten, Barne Ministerioak haien kontra jarritako auzian.

Ekainak 13:

Egunkaria kasuko atxilotuak askatzeko helegitea jarri zuten abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salan.

Uztailak 7:

Atxilotuen deklarazioak eta mediku azterketak sekretupetik atera zituen epaileak.

Uztailak 9:

Auzitegi Nazionalak atxilotuen espetxeratzea berretsi zuen.

 

Abuztuak 20:

Egunkaria-ko langile ohiek elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon eta Donostian atxilotuen askatasuna eskatzeko. Bilboko konpartsen babesa jaso zuten.

Urriak 27:

Juan del Olmo epaileak sekretupetik atera zituen Egunkaria kasuaren ekinbideak.

Abenduak 3:

Iñaki Uria aske uzteko eskatu zuten abokatuek.

Abenduak 6:

Egunkaria-ren lehen alea kaleratu zeneko 13. urteurrenean, Iñaki Uria askatzeko eskatu zuten Durangoko Azokaren atarian.

Abenduak 13:

Espainiako Barne Ministerioak Uriaren, Otamendiren, Oleagaren eta Alegriaren kontra jarritako kereila behin behinekoz artxibatzea eta prozedura etetea erabaki zuen Auzitegi Nazionaleko 2. Salak.

Abenduak 24:

Iñaki Uria askatzeko eskaerari ezezkoa eman zion Juan del Olmo epaileak.

Abenduak 30:

Iñaki Uria aske uzteko eskatu zioten Juan del Olmo epaileari 30 pertsona ezagunek.

2004:

Urtarrilak 24:

2004ko Argia sarien irabazleek Iñaki Uria askatzeko eskatu zuten.

Otsailak 9 :

Juan del Olmo epaileak uko egin zion berriz Iñaki Uria askatzeari.

Otsailak 20:

Egunkaria-ko langile ohiek hilero deitutako kontzentrazioan jende ezagun ugari elkartu zen. Besteak beste, Joxe Iriarte Bikila (Zutik), Aintzane Ezenarro (Aralar), Inaxio Agirre (AUB), Patxi Coira (EB-IU), Teresa Toda (LAB) eta Jesus Uzkudun (CCOO) izan ziren.

Martxoak 23:

Iñaki Uria askatzeko eskaera berretsi zuten abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionalaren 1. Salaren aurrean.

Apirilak 20:

eragile politikoek eta euskalgintzak hileroko kontzentrazioan Uria askatzeko deia egin zuten. Bertan izan ziren Jose Ramon Beloki (EAJ), Arnaldo Otegi (Batasuna), Onintza Lasa (EA), Iñaki Irazabalbeitia (Aralar), Patxi Coira (EB-IU), Aitzpea Leizaola (UEU), Juan Inazio Hartsuaga (Behatokia), Joxe Leon Otaño (AEK) eta Xabier Letona (Argia).

Apirilak 28:

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Salak 600.000 euroko bermea jarri zion Iñaki Uriari aske geratzeko. Abaletan ordaintzeko aukera ukatu zion, eta ateraz gero, polizia etxera egunero joateko beharra ezarri zion.

Maiatzak 1:

Iñaki Uriaren abokatuek bermeari buruzko argibide helegitea aurkeztu zuten.

Maiatzak 4:

Salak atzera bota zuen argibide helegitea eta 600.000 euroko bermea berretsi zuen.

Maiatzak 20:

Sindikatuetako kideek Egunakaria-ko langile ohiek deitutako kontzentrazioan parte hartu zuten. Bertan izan ziren ELA, LAB, CCOO, Hiru, EHNE, EILAS eta ESK-ko ordezkariak.

Maiatzak 26:

Zarauzko Udalak Iñaki Uriaren askatasuna eskatzeko mozioa onartu zuen.

Ekainak 2:

Iñaki Uriaren berme jaitsi eta aske uzteko eskatu zion Jose Mari Elosua abokatuak del Olmo epaileari.

Ekainak 4:

MIDASek (Hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkarien Europako elkartea), bigarrenez, Egunkaria-ren itxiera salatu eta Iñaki Uria askatzeko eskatu zuen bere 3. batzar nagusian.

Ekainak 18:

Eusko Legebiltzarrak Uria lehenbailehen askatzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Fiskaltza Nagusiari, legez besteko proposamen baten bitartez. Halaber, Uriari ezarritako bermeak “bidegabeak, gehiegizkoak, diskriminatzaileak eta ezin betezkoak” direla salatu zuen.

Ekainak 20:

Egunkaria-ko langile ohiek antolatutako kontzentrazioan hainbat jende ezagun izan zen, hala nola Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile nagusia eta Joseba Alvarez Batasuneko kidea.

Ekainak 25:

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Uria askatzearen aldeko mozioa onartu zuten.

Uztailak 2:

Juan del Olmo epaileak fiskalaren eskaera bere horretan onartu eta 450.000 euroko bermea ezarri zion Uriari, abalekin ordaintzeko aukerarik gabe, eta polizia etxera egunero joateko beharrarekin.

Uztailak 5:

Iñaki Uriaren defentsak helegitea jarri zion del Olmo epailearen berme eskaerari.

Uztailak 7:

Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek eta pertsona ezagunek bermea neurriz kanpokotzat eta erabaki politikotzat jo zuten.

Uztailak 10:

Iñaki Uria Askatu taldea sortu zuten Zarautzen (Gipuzkoa), Uriaren jaioterrian.

Uztailak 20:

Ehunka lagun bildu ziren Zarautzen Iñaki Uria Askatu taldea antolatutako elkarretaratzean. Elkarretaratzean ziren euskal politikagintza eta kulturgintzako aurpegi ezagun ugari. Agintari eta ordezkari politikoen artean, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Etxaniz Zarauzko alkatea, eta Batasuna, Aralar, EA, EAJ, EB-IU eta Zutik alderdietako ordezkariak izan ziren. Kultura eta euskalgintza alorretik, berriz, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren, AEK-ko bozeramaile Joxe Leon Otaño, Argia-ko Kike Amonarriz, ETBko aurkezle Andoni Aizpuru eta Izaro Iraeta, Gara-ko Martin Garitano, Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga marrazkilariak, Juan Luis Mendizabal pintorea, Joan Mari Irigoien idazlea, Ramon Agirre aktorea, Imanol Urbieta musikaria eta beste.

Uztailak 29 :

Defentsaren erreforma helegiteari erantzunez, bermea abalen bidez ordaintzeko akera eman zio Uriari Del Olmo epaileak. Hurrengo egunean, sentitartekoen bisita jaso zuen 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkariak Aranjuezko espetxean, eta bermea ordaintzeko oniritzia eman zuen. Marian Uria arrebak agertu zuenez, familiak kontuak atera zituen eta eramangarriagoak gertatzen zitzaizkien abala ordaintzeko gastuak kartzelara bisitan joan beharrak sortutakoak baino. "Pentsa, zenbaterainokoakdiren sakabanaketak sortzen dituen kostu eta gastuak", azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.