2002an Israelek Gazan egindako sarraski batengatik, Israelgo ministro ohi bat eta sei militar inputatu dituzte

2009ko urtarrilaren 29a
18:22
Entzun
2002an Israelek Gazan egindako sarraski batengatik, Israelgo ministro ohi bat eta sei militar inputatu ditu gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk. Zehazki, 2002ko uztailaren 22an Gaza hirian tona bateko bonba bat oso bizigune populatuan jaurtita 14 zibil eta Hamaseko buru bat, Sala Shehade, hiltzeagatik eta beste150 lagun zauritzeagatik auzipetu ditu Andreuk Benjamin Ben-Eliezer Israelgo Defentsa ministro ohia (laborista) eta sei agintari militar.

Hala, Giza Eskubideetarako Palestinako Zentroak jarritako salaketa tramitera onartu du Espainiako Auzitegiko epaileak. Honakoa da akusazioa: "Israelgo F-16 gerra hegazkin batetik tona bateko bonba bat jaurtitzea Sala Shehadaren etxearen kontra, haren eta 14 zibilen (gehienak umeak eta haur jaio berriak) heriotza eta 150 lagun zauritzea eragin zuena". Andreuren esanetan, "populazio zibilaren kontrakoa" izan zen erasoa.

"Argi eta garbi neurriz kanpokoa edo gehiegizkoa izan zen ekintza", zehaztu du epaileak. "Auzibide honetan frogatutzat ematen bada aldez aurretik finkatutako estrategia baten ondorio izan zela, orduan baliteke ekintzak larriagotzat jotzea".

Epaileak eskakizuna bidaliko dio PAN Palestinako Aginte Nazionalari, Gazako eskualdera joan ahal izateko, kereila jarri dutenei, lekukoei eta biktimei deklarazioa hartzeko. Era berean, Tel Aviveko gobernuari gutuna bidaliko dio, auzibidearen berri emateko.

Nolanahi ere, zaila dirudi epaileak Israelgo gobernuko zein armadako ezein kide epaitzerik izango duenik, Israelek ez baititu onartzen ez atzerriko estatuetako epaitegiak ez nazioartekoak ere.

Hilketa, eta ez hain 'selektiboa'

2002ko uztail hartan, Israelgo armadaren arabera, bi urte zeramatzan Hamaseko Gazako buruzagi Sala Shehadaren atzetik, armadaren beraren zein zibilen aurkako hainbat eraso egin zituelakoan. Baina, Ariel Sharon gobernuan sartu zenetik PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin bake elkarrizketa saio urrietakoa asteburuan abiatu berria zela, eta Hamasek israeldarrei erasotzeari uzteko prest zegoela iragarri ostean, "pertsonalki" erabaki zuten Sharonek eta Ben-Eliezer Defentsa ministroak Shehada hiltzea. Harekin batera gainera, Izzeddin al Kassem brigadetako komandanteordea eta 13 zibil hil zituzten; horietako bederatzi, haurrak. Erasoa "arrakastatzat" jo zuen Israelgo lehen ministroak.

PANek NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari larrialdiko beste laguntza dei bat egin zion hilketaren biharamunean, eta zibilen aurkako erasoak epaitzeko nazioarteko auzitegi bat sortzeko eskatu zion. Uztailaren hasieran jarri zen indarrean Hagakoa (Herbehereak), baina AEBek immunitatea eskuratu zuten eta nekez onartuko du Washingtonek Israelen aurkako auzirik abiatzea.

Nazioartekoak kritika ugari egin zizkion Tel Avivi erasoarengatik. Europako Batzordeak "onartezintzat" jo zuen eta bake ahaleginei kalte egingo ziela nabarmendu. AEBek zibilengatik damua adierazi zuten, eta nabarmendu erasoa egin aurretik Israelek bazekiela herritarrak hilko zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.