2004ko hedapena, herrialdez herrialde

2014ko maiatzaren 1a
13:07
Entzun

Hona, herrialdez herrialde, 2004an egin zen hedapenaren xehetasunak:

EUROPAKO ERDIALDEA

• Eslovenia. 2004an, EBn sartzearen alde eman zuten botoa esloveniarren %90ek. Euforia hori, ordea, etsipen bihurtu da hamar urteren buruan. Batez besteko soldata igo den arren, langabeen kopurua bikoiztu egin da herrialdea EBko kide denetik —gaur egun, %10ean dago—, eta herritarren erosteko ahalmenak behera egin du nabarmen. Horregatik, azken inkesten arabera, EBren onespen maila %17ra jaitsi da esloveniarren artean.

• Hungaria. Hasieran ezarritako helburu handizaleak ez ditu bete Hungariako Errepublikak. Hamar urtetan, per capita errentak hiru puntu eskaseko igoera izan du, eta Europako bataz bestekotik urrun dago oraindik. Herrialdeko gobernuek azpiegituretan gastatu dituzte nagusiki Bruselatik jasotako 22.400 milioi euroak, eta bitartean, herritarren bizi-baldintzek behea jo dute.

• Txekia. 2004an EBra batutako herrialdeen artean, Txekia izan da gehien hazi denetako bat. Esportazioek, adibidez, %240an gora egin dute azken hamarkadan. Hala ere, euroeszeptizismoa ere izugarri hazi da: martxoan egindako inkesta baten arabera, txekiarren %34ek soilik babesten dute EB.

• Eslovakia. EBren hazkundeak eragin ditzakeen onurak aipatzean, Eslovakiaren adibidea nabarmentzen du beti Bruselak. Herrialde honek hazkunde ekonomiko itzela izan du 2004tik aurrera, batez ere, autogintza industriari esker. Hala ere, itzalak ere badira: langabezia tasa oso altua da —%14koa oro har, baina %20koa zenbait eskualdetan—, eta euroeszeptikoek babes handia dute.

• Polonia. Donal Tusk lehen ministroaren zentro-eskuineko gobernu liberalak Mendebaldearen interesak defendatu ditu beti Europako ekialdean, eta horrek onura handiak ekarri dizkio, EBren diru laguntza gehienak jasotzen baititu gaur egun. Horrek hazkunde ekonomiko handia eragin du herrialdean. BPG barne produktu gordina %48,8 hazi da hamar urtean.


BALTIKOKO HERRIALDEAK
• Letonia. EBn sartu osteko lehen urteetan, azkar hazi zen Letoniako ekonomia. Bruselaren laguntzari esker, inbertsio handiak egin ziren, baina, aldi berean, etxebizitzaren burbuila puztu zuten, 2008ko krisiak eztanda egin zuen arte. Ordutik, egoera askoz okerragoa da.

• Estonia. Letonian bezala, hasierako inbertsio errazek ateak zabaldu zizkioten krisiari, eta ordutik, herritarren bizi-kalitateak behera egin du etengabe. Horrez gainera, emigrazioaren fenomenoak eta krisi demografikoak euroeszeptizismoaren hazkundea bizkortu du.

• Lituania. Letoniaren eta Estoniaren antzeko kasua da Lituaniakoa ere. Herritar askok krisiaren erantzuletzat jotzen dute Brusela.

MEDITERRANEOA

• Zipre. Bi fasetan bana daiteke azken hamarkadako Zipreren bilakaera ekonomikoa eta politikoa. 2008ra bitartean, ekonomiak gora egin zuen, merkatu berriak zabaldu, prezioak murriztu eta osasun alorrean inbertsioa handitu zen. Handik aitzinera, ordea, eurogunean sartu zen Zipre, eta finantza krisiak gogor jo zuen. EBren erantzun inprobisatuak, ordea, egoera okertu besterik ez zuen egin. 2013an, 10.000 milioi euroko erreskatea onartu zuen troikak.

• Malta. Alderdi europazaleek positibotzat jotzen dute Maltaren ibilbidea EBren barruan, baina askok zalantzan jartzen dituzte ustezko onurak, Maltako ekonomia oso gutxi hazi delako hamarkada honetan. Inportazioek gora egin dute, eta horrek lehen eta bigarren sektoreei kalte egin die, eta lan munduan prekaritatea nagusitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.