Presoak

2006-10-10. Fiskaltza 96 urteko zigor eskaera sei urtera jaistea aztertzen ari da

2006ko urriaren 26a
18:33
Entzun
Iñaki de Juanaren aurkako zigor eskaera 96 urtetik sei urte ingurura jaistea aztertzen ari dela adierazi dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzako iturriek, Efe agentziak atzo jakinarazi zuenez.

De Juana hilaren 27an epaituko dute Auzitegi Nazionalean, Gara egunkarian argitaratutako bi iritzi artikulutan «mehatxu terroristak» egitea leporatuta. 96 urteko espetxera zigortzea eskatu zuen Fiskaltzak, eta behin-behinean baldintzarik gabe espetxeratzea agindu Santiago Pedraz epaileak, Zigor Aretoaren erabakiz. Behin-behineko espetxealdi honengatik ez balitz, De Juanak aske beharko luke, lehendik zuen zigorra osorik betea baitu.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzako iturriek Efe agentziari orain azaldu diotenez, 96 urteko espetxealdia «neurriz kanpokoa» litzateke, eta zigorra jaisteko modua aztertzen ari da. Honenbestez, mehatxu delitu bakarra leporatzekotan da Fiskaltza, eta sei urte inguruko espetxe zigorra baino ez luke eskatuko, ondorioz.

Irizpide aldaketa «larri» honengatik PPk Estatuko fiskal nagusiari azalpenak eskatu dizkiola jakinarazi zuen Alicia Sanchez Camacho diputatuak. PPren iritziz, zigor eskaera jaitsiz gero, Estatuak «gose grebaren xantaiari» amore eman diola uler daiteke.

1987. URTETIK PRESO. 1987tik dago preso De Juana. Hiru mila urtetik gorako zigorra ezarri zioten hainbat epaiketatan, Madril komandoari leporatutako hainbat atentaturengatik. 1973ko Zigor Kodearen araberako erredentzioak kontuan hartuta, 2004ko urrian aske utzi beharko zuten, baina erabakia atzeratzen joan zen Auzitegi Nazionala, Madrilgo Zaintza Epaitegiaren eta Zaintza Epaitegi Zentralaren arteko auzi baten harira, 2005eko urtarrilaren 10ean Fernando Grande Marlaska epaileak De Juanaren badaezpadako espetxeratzea agindu zuen arte, Gara-ko bi iritzi artikulutan «mehatxu terroristak» egitea leporatuta. Erakunde armatuko kide izatea ere leporatu zion, iritzi artikuluak zirela eta.

Auzia Santiago Pedraz epaileak hartu zuenean, De Juana ez auzipetzea erabaki zuen, ekainaren 13an. Baina Auzitegi Nazionalak Fiskaltzak helegitea jarri zion Pedrazen erabakiari, eta Zigor Aretoko lehen sekzioko epaimahaiak, Fiskaltzari arrazoi emanez, De Juana auzipetzeko agindu zion Pedrazi. Geroztik epaiketaren zain dago De Juana, 96 urteko zigor eskaerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.