Asier Iturriagaetxebarria
Bilbo
Gaixoa ondo artatzeko, sendagileak gutxienez hamar minutu egin behar ditu harekin, nazioarteko erakundeek esaten dutenez. Gaur egun, lehen mailako arreta zerbitzuetako medikuek bost minutu egiten dute batez beste beren gaixoekin. «Horren eta beste aldagai batzuen ondorioz, lehen mailako arreta zerbitzuaren kalitatea ikaragarri jaitsi da azken urteotan», esan zuen atzo Rafael de Pablo familia medikuak eta 10 Minutu plataformako ordezkariak.
Lehen mailako arreta zerbitzuaren egoeraz kezkatuta, 10 Minutu Plataforma eratu zuten 2000. urtean. Administrazioari neurriak hartzeko eskatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko sortu zuten. Hainbat mobilizazio sinboliko egin dituzte orduz geroztik, baina agintari politikoek ez diete jaramon handirik egin, nahiz eta beren aldarrikapenetan soldatak igotzeko eta lan baldintzak hobetzeko ez eskatu. «Gure lana ondo egin ahal izatea eskatzen dugu».
Espainiako familiako medikuen plataforma da, eta bertan sartuta daude Hego Euskal Herriko sendagileak. De Pablok atzo Bizkaiko Medikuen Elkarteak daukan egoitzan esan zuenez, mobilizazio sinbolikoak utzi eta grebara deitu dituzte medikuak datorren ostiralerako. Hego Euskal Herrian ezin izan dute greba batzorderik osatu, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako medikuek hamar minutuko lanuztea eta elkarretaratzea egiteko konpromisoa hartu dute.
«Gure lana gaixoaren konfiantza irabaztea da, baina ez digute horretarako astirik ematen». Haren esanetan, lehen baino denbora gutxiago egon ahal dira gaixoekin orain, itxaron zerrenda handia dutelako. Eta, gainera, gaixoekin hitz egiten baino denbora gehiago ematen dute ordenagailuekin txostenak betetzen. «Txostenak ondo prestatzen dituena eta gutxi gastatzen duena da mediku ona. Medikuaren giza balioa ez da aintzat hartzen».
(2006-11-07)Lanuztera deitu dituzte medikuak, gaixoei arreta handiagoa eskaini ahal izatea eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu