Hurrengo urteko aurrekontuak 4.188 milioi eurorenak dira, iazkoak baino 220,9 milioi euro gutxiago. Hona gastuen ataleko ezaugarri nagusiak.
•Moderna plana: Hurrengo 20 urteetan Nafarroaren eredu ekonomikoa aldatu asmo duen plan handinahi eta estrategiko horri buruzko makina bat aipamen egiten da aurrekontuetan, baina ez dago aurrekontu sail zehatzik. UPNk atzo zioen 80 milioi eurokoa dela.
•Estatuari kuota: Estatuari ordaindu beharreko kuota 523 milioi eurokoa izango da, aurten baino 18 milioi euro gutxiago.
•Zerga ikuskaritza: Bi milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino milioi bat gutxiago.
•Nafarroako Unibertsitate Publikoa: 60 milioi euroko aurrekontua izango du. Hasieran, Nafarroako Gobernuak 54 milioi euroko aurrekontua proposatu zuen eta unibertsitate publikoak salatu zuen 6 milioi euro gehiago behar zituela. UPNk sanferminen museoarentzat zuen aurreikusia, baina PSNk ez zuen onartu, eta azkenean NUPera bideratu dira sei milioi euro gehigarri horiek.
•Hezkuntza: Aurrekontu murrizketa handienetakoa izan duen departamentua: 42 milioi eurokoa (horietatik erdiak langileen soldatei dagozkie).
•Euskara: Euskarabideak 3 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino %5 gutxiago. 2008an, 4 milioi euroko aurrekontua izan zuen. Horren baitan, euskal komunikabideek aurten 220.000 euro jaso ostean, UPNk 2011n laguntzei eusteko asmoa agertu du. Era berean, euskararen irakaskuntzaren garapenerako aurrekontua %26 gutxituko da.
•Tokiko administrazioa: Hamabi departamentuetatik handitu den aurrekontu sail bakarra da: 265 milioi euroko gastua, aurten baino 4 milioi euro gehiago. Diru sail handiena Nafarroako udalen finantzaketara bideratuko da.
•Osasuna: Aurrekontu handiena du: 973 milioi euro, aurten baino 42 milioi gutxiago (%4,3). Barne produktu gordinaren %5 inbertitzen da departamentu horretan. Herrialde industrializatuetan, aldiz, batez beste BPGaren %6,5.
•Etxebizitza eta lurralde antolamendua. %5,4ko murrizketa. Aurtengo aurrekontua 226 milioi eurokoa. Alabaina, horietatik 153 milioi euro, etxea erosteko eta alokatzeko zerga-pizgarriak dira. Gobernuak gastu gisa sartzen ditu berez zerga-pizgarri direnak.
•Kultura: Murrizketa handiena jasoko duen saila: %31,8koa, 20 milioi euroko murrizketa.
•Gizarte bazterketa: Nafarroako gizarte arloko 250 erakundek salatu dute 5 milioi euroko murrizketa dagoela hainbat egitasmotan, eta talde asko desagertzea eragin dezakeela.
•AHTa: Herri Lan Departamentuak 17 milioi euroko murrizketa du, baina AHTan 43 milioi euro inbertituko dira.
2011ko aurrekontuen ezaugarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu