Aste honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 24 udalerritan aldi berean egindako zenbaketek erakutsi dute 285 lagunek kalean lo egiten dutela. Zenbaketa honako hiri eta herrietan egin da: Gasteiz, Donostia, Bilbo, Barakaldo, Getxo, Irun, Laudio, Santurtzi, Sestao Portugalete, Durango, Eibar, Erandio, Errenteria, Gueñƒes, Hernani, Iurreta, Legazpi, Leioa, Pasaia, Tolosa, Urduñƒa, Zalla eta Zarautzen.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri nagusietako hamarretan Eusko Jaurlaritzak 2014an sustatutako gaueko zenbaketaren arabera, 323 lagunek kalean egiten zuten lo, eta beste 1.513 lagunek etxerik gabeko pertsonei eskainitako bizitegi-baliabide publikoren batean. Zenbatutako pertsona guztien artean, 297 Araban aurkitu zituzten (% 16,2), 904 Bizkaian (% 49) eta 635 Gipuzkoan (% 34,6).
Emaitzen aurrerapen horretan, urriaren 26tik 27rako gaueko 22:00etatik 02:00etara aipatutako 24 udalerrietako kaleetan egindako gaueko zenbaketaren emaitzak baino ez dira aipatzen. Halaber, zenbaketa hori egiten zen une berean, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta emateko hiru lurraldeetan bizilekua eskaintzen duten zentroetan eta zerbitzuetan ere egin ziren zenbaketak. 1.022 boluntario aritu dira guztira.