Ultraaktibitate mugagabearen amaierak ez du asko egin lan hitzarmenak berritu gabeen korapiloa askatzeko. Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera, uztailean eta abuztuan 30 hitzarmen baizik ez dira izenpetu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urteko lehen sei hilabeteotako berritze erritmoa da hori, ekainera arte 93 sinatu zirelako (sektoreko bost eta enpresako 25).
EAEn eragina duten Espainiako hitzarmenen menpe daudenak batuz gero, abuztuaren amaieran 400.279 langile zeuden hitzartu gabeko lan itunik gabe, bi hilabete lehenago baino 32.000 gutxiago. Guztira 659 hitzarmen zeuden berritu gabe —bostetik lau—, eta horietako askok indarra galdu dute, lan erreformak haien luzapen automatikoari jarritako urtebeteko epea agortu delako. Enpresa batzuk hasi dira bere langileei lan baldintzak aldatzen, beste batzuk iragarri dute urtarrilean egingo dutela, eta sindikatuek auzitegietara jo dute itun batzuk salbatzeko.
Sinatu diren hitzarmenen ezaugarri nagusietako bat da soldata igoera gero eta txikiagoak dakartela. Ekainera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izenpetutakoek %1,44 igoera finkatu zuten; uztailean eta abuztuan sinatutakoak batu ondoren, sariak %0,99 baizik ez dira igoko, une honetako inflazioaren azpitik. Igoera are txikiagoa da Espainiakoak kontuan hartuz gero (%0,68) eta ikusita han sinatutakoek gero eta presentzia handiagoa dutela, erosteko ahalmen galera bat izango dute hitzarmena berritu duten milaka langilek.
Espainiako Bankuak berak onartu du lan erreformak ez duela enplegua sortu, baina lortu duela bilatzen zuen beste helburua, soldaten jaitsiera erreala. Iazko irailean, erreforma indarrean sartu berritan, %2 inguruko soldata igoerak hitzartzen ziren.
Soldaten «moderazioarekin» batera patronalen beste eskaera lanaldiaren luzapena da. Halakorik ez dela gertatzen ari diote LHKren datuek: EAEn izenpetutako hitzarmenetan 1.680 orduko lanaldia adostu dute, iazko iraileko 1.724 orduetatik behera.