484 milioiko faktura

2016ko urriaren 27a
13:52
Entzun

Uxue Barkosek UPNk utzi dien faktura zenbatu, eta, guztira, 484 milioi euro ingurukoa da. Hots, urtero Nafarroak duen aurrekontuaren %14 inguru. Hauxe da, Nafarroako Gobernuaren arabera, UPNren gobernuek utzi duten fakturaren tamaina:

Batetik, zorraren interes tasetan 104 milioi euro ordaintzen dira egun. UPNk, PSNk eta PPk aurreko legealdi amaieran onartutako zerga erreformak 2016 eta 2017. urteetan bilketan "50 milioi eurotik gorako jaitsiera" eragin du. 2012an funtzionarioei kendutako estraren %75 (45 milioi) pagatu behar dira. Itzalpeko bidesarietan urtero 64 milioi euro ordaintzen dira, eta hortik kanpo dago Nafarroako Ubidearen kanona. Bertan, urtero 30 milioi euro pagatzen dira.

Europako Inbertsio Bankuak 100 milioi euro mailegatu zizkion Sodenari, eta interes finko "handia" du. AHTa egiteko 45 milioi euro jarri ditu Nafarroak, eta estatuak ez du itzuli. Errepide sarean bost urtez ez da gastu handirik egin, eta Belateko zein Almandozko tunelek ez dute Europako zuzentaraurik betetzen.

Hezkuntzan 10 milioi euro ordaindu behar dira behin-behineko langileei oporrak ordaintzeko, eta 800.000 euro pagatu behar dira hainbat epai betetzeko. Europako Batzordeari 8 milioi euro itzuli behar zaizkio baldin eta ez bada konpontzen LUNA proiektuaren egoitza, aurreko gobernuek aukeratutako tokian ikerketa zentro bat jarri behar baitzen.

Besteak beste, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zorra 1,5 milioi eurokoa da. 48 milioi euro ordaindu behar dira kalte-ordainetan Garraioaren Hirian praxis okerra egin zela ebatzi dutelako auzitegiek. Navarra Arena amaitzeko 12 milioi euro jarri beharko lirateke (5 milioi enpresarien erreklamazioak pagatzeko eta 7 milioi amaitzeko).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.