Espainiako Estatuan 33 milioi eta erdi pertsonak izan zuten atzo Europako Konstituzio Itunari boto bidez baiezkoa edo ezezkoa emateko aukera, baina gehiengoa abstenitu egin zen (19.359.017 pertsona, %57,68).
Botoa eman zutenen artean, ostera, gehiengo handia osatu zuten baiezkoaren aldekoek (%76,73). Ezetz bozkatu zuen %17,24k, eta boto zuriak %6,03 izan ziren.
Argi antzera zegoen baiezkoa izango zela irabazle, Espainiako bi alderdi nagusiek, PSOEk eta PPk Konstituzio Ituna berresteko eskatu baitzieten herritarrei. Horrenbestez, parte-hartzearen ingurukoa zen duda nagusia. Agintean dagoen PSOEk eta Espainiako Gobernuak berak boto emaileen kopurua %40tik gorakoa izatea zuten xede. Haien arabera, iazko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta ehuneko hori gainditzea nahikoa zen erreferendumari zilegitasuna emateko.
Espainiako oposizioko alderdi nagusi PPk, ostera, agertu zuen parte-hartzea %50 baino txikiagoa izateak "Gobernuaren porrota" adierazten duela.
Kanariar Uharteetan eta Extremaduran babesik handiena
Espainiako Estatuko datuak orokorrean hartuta, Kanariar Uharteetakoa izan da Europako Konstituzio Itunak babesik handiena jaso duen autonomi erkidegoa (%86,03), eta haren atzetik Extremadura (%85,19) da. Andaluzian, Aragoin, Gaztela-Mantxan, Gaztela-Leonen, Galizian, Murtzian, Errioxan, Ceutan eta Melillan ere %80a gainditu dute Konstituzio Itunaren aldeko botoek.
Beste muturrean Hego Euskal Herria eta Katalunia daude. Hego Euskal Herrian %32,69 izan dira ezezkoaren aldekoak, eta, ondorioz, ia bizkoiztu egin du Espainiako batez bestekoa. Halaber, abstentzioa ere Espainian baino handiagoa izan da. Katalunian, berriz, %28,07 iritsu du ezezkoak, eta, adibidez, Gironan %33an kokatu da. Kataluniako ehun bat herritan ezezkoak irabazi du.
Europako Konstituzio Ituna
Abstentzioa %57,68koa izan da Espainian, eta baiezko botoak %76,73
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu