Abstentzioa garaile eta agintariei zigorra Europan

2004ko ekainaren 14a
11:36
Entzun
Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan bozkatzeko aukera dutenen %44,2ak besterik ez du eman bere bozka, Europako Batasuneko estatuetan. Eman dutenetako askok, berriz, agintean dauden alderdiak zigortzea erabaki dute. Zigortutakoen artean daude Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako eta Italiako gobernuak. Europako Legebiltzarreko 732 eserlekuetatik 274 Europako Alderdi Popularrak izango ditu, eta bigarren indarra Europako Alderdi Sozialista izan da, 199 ordezkarirekin.

Aurreikuspen guztiak betez, abstentzioa izan da Europako Hauteskundeetako garaile nabarmena: botoa emateko aukera zutenen %55,8ak ez joatea erabaki zuen. Bozkatu zutenek, bestalde, agintariak zigortzea erabaki zuten, horren adibide dira Europako hainbat herritako emaitzak:

Erresuma Batua

Erresuma Batuan bigarren indarra izatera pasa da Tony Blairen Alderdi Laborista, bozen %21,5arekin. 1999ko hauteskundeetan baino 5,5 puntu gutxiago. Garailea Alderdi Kontserbadorea izan da. Aipatzeko datu bat: izugarrizko gorakada izan du Europako Batasunaren kontrako UKIP alderdiak. Bozen %18 lortu dute.

Alemania

Alemanian, emaitza kaskarrak lortu ditu Gerhard Schroeder lehen ministro sozialdemokrataren alderdiak: bozen %21,5 bakarrik lortu ditu —1999ko hauteskundeetan bozen %30,7 berenganatu zuten—. Oposizoko demokrata-kristauek (CDU-CSU) bozen %44,5 lortu dute.

Frantzia

Frantzian ere, Jacques Chiracen gobernuko alderdiak (UMP) zigorra jaso du. Bozen %16,64 lortu ditu, eta oposizioko alderdi nagusia (Alderdi Sozialista) izan da garaile nabarmena. Alderdi Sozialistak bozen %28,89 lortu du.

Italia

Halaber Italian, gobernuan dagoen Silvio Berlusconiren alderdi eskuindarra (Forza) bigarren izatera pasa da. Bozen %89an kontatuta, %21 lortu ditu. Garaile zentro-ezkerra izan da, botoen %32,5ekin.

Kide berriak

Europako Batasuneko kide berriek lehen aldia izan dute Europako Hauteskundeetarako boza emateko. Poloniari erreparatuz, ez dirudi herritarrei interes handiegirik sortu dietenik. Izan ere, Polonian bozka emateko aukera dutenetatik %19,96ak eman dute. Horien %60,32a kontatuta dagoenean, Hiritarren Plataforma liberalak irabazi ditu hauteskundean, bozen %22,96arekin. Horien atzetik nazionalistak daude, Europako Batasunarekiko eszeptikoak direnak. Bozen %16,58 lortu dituzte.

Txekiako Errepublikan ere txikia izan da parte hartzea, %27,9ak hartu du parte. Zipre dago beste muturrean —hautesleen %71,19k eman du botoa—, baina herrialde hartan derrigorrezkoa da boza ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.