Europako balioak, hiritarren babesa eta subiranotasun teknologikoa bezalako esamoldeak izan ditu ahotan Margrethe Vestagerrek. Baita ardura eta konfiantza bezalako hitzak ere. Izan ere, adimen artifizialari buruzko arriskuak eta beldurrak ere hor daude. «Adimen artifiziala ez da berez ona edo txarra, nola erabiltzen den da kontua», esan zuen atzo Europako Batzordeko lehendakariordeak.
Ekonomiarentzako eta pertsonentzako onuren bila pentsatutako politika horiekin, Vestagerren aburuz, «ezin da aurrera joan, ez bagara guztiok salbu sentitzen». Horregatik Vestagerren taldearen asmoa «konfiantza ekosistema bat sortzea da».
Paper zuriaren arabera, «arau argiak eta zorrotzak» ezarri beharko dira adimen artifizialaren inguruan, batez ere kritikoak izan daitezkeen sektoreetan —osasungintzan, garraioan, segurtasunean—. Asmoa da adimen artifizialeko sistemak gardenak, trazabilitatedunak izatea, eta haien giza kontrola bermatzea. «Inportantea da jabetzea zein diren arriskuak, eta ezarri nahi izan dugu noiz altxa behar den bandera gorria», azaldu du Vestagerrek. Babes eta segurtasun neurri horiek zehazten eta arautzen joango dira orain Europako Batasuneko erakundeak. Beste eztabaidagai garrantzitsua izango da aurpegiak ezagutzeko aplikazioen erabilera.
Halako sistemak espazio publikoetan izan ditzaketen erabilerekin zalantzak ditu Europako Batzordeak, eta debatea zabaldu nahi du erabilera horietako batzuei mugak jarri ala ez ikusteko.