Lan harremanetan eta bereziki negoziazio kolektiboaren barruan dagoen blokeo egoerak ez dauka irtenbiderik "gauzak aldatzeko mobilizaziotik harago". Erreformak eragin duen lokarria ez da askatuko, beraz, Euskadiko CCOOk gaur egingo duen proposamenari esker. Hala uste du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Radio Euskadin esan du Unai Sordoren sindikatuak "Espainiako eredua Euskal Autonomia Erkidegora erakarri" nahi duela, "eta Espainian sindikatu horrek berak dio porrot egin duela".
Eusko Jaurlaritzari eta patronalari ere oharra bidali die, eta argi utzi du berriro ELAren posizioa zein den: "Elkarrizketa sozialaz eta sektore arteko akordio bati buruz solastatzen zaizkigunean, akordio sozial baten bila dabiltza, eta gaur egun itun sozial bat ematea neoliberalismoak irabazi duela onartzea da. Ez dugu egingo hori".
Sindikatuen indarren erabilera
Oraindik ez da ezaguna Euskadiko UGTk negoziazio kolektiboari dagokionez proposatu behar duena, baina Muñozek baditu bere susmoak. Gogoratu du Espainian CCOOk eta UGTk akordioa egin zutela CEOE patronalarekin, itun kolektiboei bolada batez segida emateko; erreformak patronalari iraungitako hitzarmenak (gehienak) baztertzeko aukera emateak muturreko egoera eragin zuen, eta hura behin-behinean atzeratzeko gutxieneko akordio hori egin zuten Espainian hango gehiengo sindikalak eta patronalak.
Muñozek uste du tankerako akordioa luzatuko diola Euskadiko UGTk euskal patronalari. "Sindikatuen indarra ezin da baliatu horrelako egoera batean itun sozialak gogorarazten dituzten akordioetarako. Eurek nahi dutenari zilegitasuna emanez balekoak garela sinetsarazten saiatzen bagara, galdu egingo dugu".