AEBen aro berria, ardurarena

2009ko urtarrilaren 21a
10:30
Entzun
Leire Ventas

Negu gorria da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. George Washingtonek presidente karguaren zina egin osteko hitzaldian (1789ko apirilaren 30a) baliatu zuen metafora ostu zion atzo Barack Obamak, berea amaitzeko. "Amerika. Zailtasunen negu honetan, arrisku komunei aurre egitea tokatzen zaigun honetan, utzidazue iraungitzen ez diren hitzak gogorarazten: fedearekin eta bertutearekin aurre egingo diegu izotzezko korronteei eta etortzekoak diren ekaitzei". Esperantzaz beteriko mezua igorri zien, hala, zazpi gradu zero azpitik zirela entzuten ari zitzaizkion estatubatuarrei. Kapitolio inguruko bost kilometro koadro betetzen zituzten milaka lagunek. Haien patriketan ere negua da iaztik, AEBetako historiako krisi ekonomiko larriena lehertu zenetik.

Krisia, denen ardura

Egoera ekonomiko kaskarrari egin zion erreferentzia lehenik Obamak. Eta hori estatubatuar guztien ardura dela nabarmendu zuen. "Izugarri ahulduta dago gure ekonomia, batzuen zikoizkeriaren eta arduragabekeriaren ondorioz. Baina baita etorkizunerako erabaki zailak hartzean guztiok porrot egin dugulako ere". Lezioa ematen ari den irakaslea balitz bezala -edo esanekoa izan ez den haurraren ama-, herrialdearen sorrerako balioak berreskuratu beharraz jardun zuen. "Erronka berriak ditugu. Haiei aurre egiteko baliatu beharreko tresnak ere berriak dira. Baina balioak ez, aspaldikoak dira horiek: lan gogorra, zintzotasuna, justizia, tolerantzia eta abertzaletasuna".

AEBetako 44. presidentearen agintaldiarekin, beraz, aro berria hasiko dela ohartarazi du Obamak. Arduraren aroa izango da, haren arabera. «Obligazioak ditugu, gurekiko, gure herrialdearekiko, baina baita munduarekiko ere. Eta horixe da garai berri honetan AEBei eskatzen zaiguna». Hala, ardura horri erantzunez, agintaldiko ardatz nagusiak azaltzeko baliatu zituen erlojuak 18:06ak markatu arteko minutuak.

George Bushen kapitulua amaitutzat eman du Obamak. Nazioarteko harremanei dagokienez aurrerantzean elkarrizketa izango dela nagusi nabarmendu du. "Gaur begira ari zaizkigun herri eta gobernu guztiei esaten diet: jakin ezazue AEBak nazio guztien lagun direla". Horiek hala, herrialde musulmanekin harremana lantzeko nahia agertu du, "elkarrenganako intere-setan eta errespetuan oinarritua". Bide beretik, "nekerik gabe, betiko adiskideekin eta arerio zaharrekin" elkarlanean jarduteko prest agertu da; nuklearren auzitik hasita, klima aldaketaraino.

Era berean, eta aurreko administrazioari berriz ere erreferentzia eginez, AEBen segurtasuna bermatzeko eta "kanpoko mehatxuei" aurre egin ahal izateko gerra eragin beharrik ez dagoela ziurtatu du. "Arbasoek faxismoa eta komunismoa itun sendoak sinatuz garaitu zituzten, eta ez tankeekin eta misilekin". Eta AEBak oraindik ere munduko naziorik boteretsuena direla uste badu ere, umiltasunerako deia egin die estatubatuarrei. "Boteretsuak gara eta horrek babesten gaitu, baina ez digu nahi duguna egiteko eskubidea ematen".

Bushen akatsek tartea izan zuten presidente izendatu berriaren hitzaldian; lerroen artean, baina etengabe. Baita haren aurretik ere, Abraham Lincolnen bibliaren gainean eskua jarrita Obamak agindutakoan ere. "Zin egiten dut, fideltasun osoz, ahal dudan guztia egingo dudala Konstituzioa babesteko, zaintzeko eta errespetatzeko (...)".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.