AEBetako planaren oinarri nagusiak

2008ko urriaren 3a
11:36
Entzun
Jakes Goikoetxea

1. Administrazioa erosle

AEBetako Altxor Idazkaritzak erosi egingo ditu subprime hipotekak eta mailegu horiekin egindako eta merkatuan salerositako tituluak. Finantza erakundeen porrota eragiten ari direnak, alegia. Finantza erakundeek zama hori gainetik kenduko dute eta, gainera, dirua jasoko dute trukean, ohi bezala lan egin ahal izateko.

Hala ere, zehazteko dago zein, ze preziotan eta nola erosiko dituen.Aholkulariak kontratatuko dituzte guztia zehazteko. Planak Altxor Idazkaritzari eskatu dio ahalik eta merkeen eros ditzala.

Gobernuak zor publikoa jaulkiz lortuko ditu planean aurreikusitako 700.000 milioi dolarrak (503.000 milioi euro inguru).

2. Epeka

Planak aurreikusitako 700.000 milioi dolarrak ez dituzte kolpean erabiliko, hiru epetan baizik: 250.000 milioi dolar plana onartu eta berehala erabiliko dituzte; 100.000 milioi dolar gehiago gastatuko dituzte presidenteak esaten badu diru hori behar dela; eta gainerako 350.000 milioi dolarrak erabiltzeko Ordezkarien Ganberaren onespena beharko dute.

3. Kontrola

Henry Paulson AEBetako Altxor idazkariaren jatorrizko planak botere guztia ematen zion berari eta bere idazkaritzari. Are gehiago: esaten zuen bere erabakiak ezin zirela berrikusi, ez epaitegietan, ezta Administrazioko agentzietan ere.

Planaren arabera, Altxor Idazkaritzak izango du planaren ardura, baina bi batzordek gainbegiratuko dute bere lana. Batzorde bat Ordezkarien Ganberan sortuko dute.

4. Aldaketak

Planari hainbat aldaketa egin dizkiote Senatuan onartu ahal izateko. Pentsa, 102 orritik 451ra pasa da. Bi aldaketa nabarmendu daitezke: alde batetik, bankuetako gordailuen bermea 100.000 dolarretik 250.000ra pasa dutela; bestetik, 100.000 milioi euroko zerga murrizketak edo kenkariak aurreikusi dituztela enpresentzat eta herritarrentzat.

5. Erakundeen parte

Altxor Idazkaritzak partaidetza eskuratuko du diruz laguntzen dituen finantza erakundeetan, emandako laguntzaren trukean. Neurri horren bitartez berreskuratu egin nahi dute jarritako dirua, finantza erakundeen egoera hobetzen bada.

6. Dirua berreskuratu

Plana abian jarri eta bost urtera AEBetako Gobernuak galerak baditu, presidenteari eskatuko diote lege proposamen bat egin dezala, finantza sektore osoari -ez bakarrik dirua jaso dutenei- Gobernuak emandako dirua eskatuz.

7. Soldata mugatuak

Planak mugatu egiten ditu Altxor Idazkaritzari aktibo toxikoak saltzen dizkieten finantza erakundeetako goi exekutiboen soldatak eta kargua uzten dutenerako kalte-ordainak. Horrez gain, zerga gehiago ordaindu beharko dituzte exekutiboei urtean 500.000 dola baino gehiago ordaintzen dieten enpresek.

8. Kredituen asegurua

Finantza erakundeek, aktibo toxikoak saldu beharrean, segurtatu ahal izango dituzte. Finantza erakundeek dirua ordainduko diote Gobernuari eta Gobernuak aktibo horiek bermatuko ditu, etorkizunean gerta daitezkeen galeren aurrean.

Neurri horrekin murriztu egin nahi dute AEBetako Gobernuak finantza erakundeak laguntzeko jarri beharreko diru publikoa.

9. Hipotekak negoziatu

Administrazioak bere esku geratzen diren hipotekak birnegoziatu ahal izango ditu erreskate planean parte hartzen duten finantza erakundeekin. Administrazioak aukera gehiago ditu hipotekak ordaindu ezin dituztenekin epeetan eta baldintzetan eskuzabalago izateko, eta horrela murriztu egin nahi dute hipotekak ordaindu ezin dituztenen kaleratze kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.